Mundua -
EKIALDE HURBILA
Iranek mehatxua bete eta aurrekaririk gabeko erasoa egin du Israelen aurka drone eta misilekin
Tel Avivek eta AEBk, elkarlanean, ia proiektil guztiak gelditu dituzte, baina Israel hegoaldeko base militar batean kalteak izan dira. Hezbollahk ere egin du eraso, aldi berean, Israel iparraldearen aurka.
agentziak | eitb media
Iranek egunak zeramatzan Israel zigortuko zuela esanez, Damaskoko kontsuletxearen aurka Tel Avivek apirilaren 1ean egindako erasoari erantzuteko, eta azkenean mehatxua bete du larunbat gauean, aurrekaririk gabeko drone eta misil jaurtiketarekin. Ekialde Hurbileko bi herrialde etsaien arteko tentsioa maila gorenean dago.
Israelgo agintariek denbora zeramaten erasoari aurre egiteko prestatzen, eta atzo bilera eskubidea murriztu eta eskolak bertan behera utzi zituen. Agindu hori eman eta gutxira, Israelgo Armadak baieztatu zuen Iranen erasoa hasia zela, eta "dozenaka" drone Israelera bidean zirela. Irango Guardia Iraultzaileak esan du droneak ez ezik misilak ere jaurti dituztela.
Daniel Hagari Israelgo Armadaren bozeramaileak jakinarazi du 200 jaurtigai baino gehiago izan direla, baina gehienak gelditu egin dituztela Israelera iritsi aurretik.
Hagarik baieztatu du Israel hegoaldeko base militar batean kalteak izan direla, baina ez dela ezer larririk gertatu.
Irango albiste-agentzia ofizialek, berriz, base militarrari egindako kaltean jarri dute azpimarra, Damaskoko kontsuletxearen aurkako bonbardaketa base horretatik abiatu zelakoan.
Israel ez da geldirik geratuko
Iranek defentsa eskubidea aldarrikatu du ekintza justifikatzeko, eta Nazio Batuen Erakundean duen ordezkaritzak esan du euren aldetik erasoak amaitu direla, Israeli eraso horri erantzunik ez emateko iradokiz.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, baina, berehala hitz egin du, eta esan du, batetik, "eraso zuzena" jasotzeko "prest" zegoela, eta, bestetik, ez dela geldirik geratuko.
"Printzipio argi bat ezarri dut: min egiten diguna zein den gorabehera, min egingo diogu. Geure burua defendatuko dugu edozein mehatxuren aurrean, eta lasaitasunez eta irmo egingo dugu", ohartarazi du Netanyahuk, erantzuna erabakitzeko gerra kabinetearekin bildu aurretik.
AEBren laguntza
Israelek nazioartean duen laguntzaile handiena AEB da, eta AEB Israelen alde agertu da, bai politikoki bai militarki. Joe Biden AEBko presidentea albistearen berri izan eta berehala mugitu da. Segurtasuneko arduradunak bildu ditu Etxe Zurian, eta berretsi du "erabatekoa" dela Israeli ematen dion babesa, azken hilabeteotan desadostasunen bat izan duten arren.
Gainera, AEBko Armadak zuzenean parte hartu du Iranen jaurtigaietako batzuk gelditzen, Bidenek berak Netanyahurekin hitz egin ostean baieztatu duenez.
Erresuma Batuak ere baieztatu du bere indarrak mobilizatu dituela "aliatuei laguntzeko eta eskualdeko tentsioaren gorakadari erantzuteko". Grant Shaps Erresuma Batuko Defentsa ministroak iragarri du hegazkin militar gehiago eramango dituztela inguru horretara, Siriako eta Irakeko terrorismoari aurre egiteko eremuetan "aireko erasoak gelditzeko".
Teheranek Israeli era batera edo bestera laguntzen dioten herrialde guztiak ohartarazi ditu, eta AEBri esan dio ez sartzeko, bestela erantzun "gogorra" jasoko duela.
Hezbollahk ere egin du eraso Iranen aurka Libanotik Katyusha kohetak jaurtiz, Iranek erasoa egin duen une berean, baina ondoren kaleratutako adierazpenean ez du bien arteko loturarik aipatu.
NBEren Segurtasun Kontseiluaren premiazko bilera
Mendebaldeko buruzagi batzuek, tartean Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak, Rishi Sunak lehen ministro britainiarrak eta Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak gaitzetsi egin dute Iranen erasoa, eta giroa baretzeko deia egin dute. Antonio Guterres NBEren idazkari nagusia "guztiz asaldatuta" agertu da Ekialde Hurbilean tentsioak gora egiteko arriskua "oso benetakoa" delako.
NBEren Segurtasun Kontseiluak premiazko bilera egingo du gaur Israelen eskariz, eta Bidenek iragarri duenez, G7ko buruzagiek batzarra egingo dute Irani "erantzun diplomatiko bateratua" emateko.