Mundua -
Gerra UKRAINAn
Kremlinek "probokazio oso arriskutsutzat" jo du Zaporizhiako zentral nuklearraren aurkako erasoa
Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeak droneekin egindako eraso baten berri eman zuen igandean. Ukrainak ukatu egin du zentral nuklearraren aurkako edozein operazio militarren erantzukizuna.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Kremlinek "probokazio oso arriskutsutzat" jo du Zaporizhiako zentral nuklearraren aurka droneekin egindako erasoa. Errusiak 2022ko martxotik kontrolatzen du zentral nuklear hori.
"Oso probokazio arriskutsua da. Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeko langileak erasoen lekuko izan ziren", esan du Dmitri Peskov Errusiako Presidentetzako bozeramaileak bere eguneroko prentsaurrekoan.
Peskovek berretsi du egoera horrek ondorio "oso negatiboak" ekar ditzakeela. "Tamalez, Kieveko erregimenak bere jarduera terroristekin jarraitzen du", gaineratu du.
Ukrainak ukatu egin zuen atzo gauean horren aurkako edozein operazio militarren erantzukizuna, Errusiak eta Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeak droneekin egindako eraso zuzen bat salatu ostean.
"Ukraina ez dago Errusiak legez kanpo okupatutako Zaporizhiako zentral nuklearraren aurkako probokazio armatuetan inplikatuta", adierazi zion igande gauean Ukrainska Pravda egunkariari Andri Yusov Ukrainako inteligentzia militarraren bozeramaileak.
Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundek aurretik jakinarazi zuen droneekin egindako eraso batek kalte "txikiak" eragin zituela zentraleko sei erreaktoreetako batean.