Mundua -
GAZA, ERASOPEAN
Israelgo Armadak alde egin du Gaza hegoaldetik
EITBren berriemaile Mikel Ayestaranen esanetan, "mugimendu honek zerikusia izan dezake Iranen mehatxuarekin, bai eta Israelek Errepublika Islamikoarekin zuzenean talka eginez gero indarrak berrantolatzeko izan dezakeen beharrarekin".
agentziak | eitb media
Israelgo Armadak Gazako Zerrendaren hegoaldean zituen lurreko tropa guztiak erretiratu ditu, eta brigada bakarra utzi du bertan, EFE albiste-agentziak iturri militarrak aipatuta jakinarazi duenez.
Khan Yunis inguruan lau hilabetez borrokatu ostean eta Israelek Gazaren aurkako oldarraldia hasi zuela sei hilabete pasatu direnean iritsi da erabakia.
Hori horrela, orain Israelen brigada bakarra dago Gaza hegoaldean, Israel hegoaldearen eta Gazako kostaren arteko korridorea zaintzeaz arduratzen dena, Gaza iparralderako bidea itxiz.
Hamasek ordezkaritza bidali du igandean Kairon egingo diren elkarrizketetara
Khan Yunisen Elad Katzir bahitu israeldarraren gorpua aurkitu ostean alde egin dute tropek. Jihad Islamikoaren esku zegoen bahituta, Hamasek urriaren 7an Nir Oz kibbutzean erasoa egin zuenetik. Horren ama aske utzi zuen Hamasek azaroan izandako 7 eguneko su-etenean.
Gaza hegoaldeko ospitale nagusiak, Al Amal eta Al Naser, erabat suntsitu ditu Israelgo Armadak azken hilabeteotako erasoaldian, bertan milizianoak gordetzen zirelako, horren arabera.
Badirudi Israelek Gazan duen hurrengo helburua Rafahn lurreko erasoa egitea izango dela. Etxea utzi behar izan zuten 1,4 milioi palestinar daude bertan, eta AEBk (Israelen laguntzaile nagusia) jada esan du ez duela hor lurreko erasoa egitea babestuko.
EITBren berriemaile Mikel Ayestaranek azaldu duenez, militarrek uste dute Khan Yunisko operazioak bete dituela dagoeneko bere helburua, eta "badirudi hurrengo urratsa Rafah izango dela". Haren hitzetan, tropak ateratzeak Rafahn desplazatuta dauden zibilei Khan Yunisen babesa bilatzeko aukera ematen die.
"Mugimendu honek zerikusia izan dezake Iranen mehatxuarekin, bai eta Israelek Errepublika Islamikoarekin zuzenean talka eginez gero indarrak berrantolatzeko izan dezakeen beharrarekin", esan du.