Mundua -
Kooperanteen hilketa
Israelek bi komandante kargugabetu ditu, baina WCK-k ikerketa "sinesgarria" eskatzen jarraitzen du
Armada sionistak agindutako ikerketa sasi-independenteak ondorioztatu duenez, Israelgo indarrek bi "pistolari" identifikatu zituzten laguntza-kamioietan, konboia Deir al Balahko biltegi batera zihoala.
Agentziak | EITB Media
Israelgo Armadak bi komandante kargugabetu ditu gaur, World Central Kitchen (WCK) konboi baten aurka astelehenean Gazako Zerrendaren erdialdean egindako erasoan izandako erantzukizunagatik, "akats larriak" izan zirelako, bere ikerketaren arabera, baina gobernuz kanpoko erakundeak ikerketa "independente" eta "sinesgarria" eskatzen jarraitzen du.
Ikerketa gaur argitaratu dute, eta ondorioztatu dute Israelgo indarrek bi "pistolari" identifikatu zituztela laguntza-kamioietan, konboia Deir al Balahko biltegi batera zihoala, Gaza erdialdean, eta, deskargatu ostean alde egin zutenean, "komandanteetako batek uste izan zuen pistoladunak ibilgailuen barruan zihoazela eta Hamaseko terroristak zirela".
Horixe da Israelgo Armadak Yoav Har Even jenerala buru duen Gertakarien Ikerketa eta Ebaluaziorako Mekanismoari (FFAM) agindutako ikerketaren sasi-independientearen ondorio nagusia.
"WCK-ko gure lankideen hilketak ikertzeko batzorde independente bat sortzea eskatzen dugu. Israelgo Defentsa Indarrek ezin dute Gazan egindako hanka-sartzea modu sinesgarrian ikertu", adierazi du gobernuz kanpoko erakundeak txostenaren ondorioak ezagutu eta gutxira.
WCK-k uste du Israelen barkamena "gure lankideak hiltzeagatik kontsolamendu eskasa" dela, eta langile humanitarioen heriotza gehiago saihesteko ez ezik, "Gazan zibil errugabeak babestu eta elikatzeko" eskatu dio Tel Avivi.
WCKren logoarekin ondo identifikatuta bazegoen ere, drone batek jaurtitako hiru misil erori ziren konboiaren gainean, ikerketaren arabera.
Lehen misil batek konboia gidatzen zuen autoa jo zuen, eta bizirik atera zirenak atzeko ibilgailura joan ziren ihesi. Handik segundo batzuetara, beste misil batek eraso zion, eta hirugarren ibilgailu bat laguntzera hurbildu zitzaienean, hirugarren erasoa jaso zuten.
Hori dela eta, Jose Andresek aste honetan Israeli leporatu dio konboi humanitarioari eraso egitea "sistematikoki ibilgailuz ibilgailu" ibilbidea Armadarekin koordinatu ostean.
Bestalde, Israelgo Armadak onartu egin du bere helikopteroetako batek Efrat Katz bahitua hil zuela urriaren 7an, Palestinako miliziek hegoaldeko komunitateen aurka eraso bat egin ostean.
Israelgo militarrek aitortu egin dute gertatutakoa, Nir Ozeko kibbutzaren aurkako erasoa ikertu ostean emandako lehen erantzunean.