Mundua -

AMERIKETAKO ESTATU BATUAK

Trumpek 175 milioi dolarreko fidantza ipini du, New Yorken leporatzen dioten zerga iruzur kasua dela eta

Knight Specialty Insurance aseguru etxeak izenpetu du fidantza. Modu horretan, presidente ohiaren aktiboak ezingo dira enbargatu, behin behinean, bederen.

Donald Trump, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Donald Trump, artxiboko irudi batean.
Donald Trump, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidente ohiak 175 milioi dolarreko fidantza ipini du, New Yorken leporatzen dioten zerga iruzur kasua dela eta. Modu horretan, haren aktiboak ezingo dira enbargatu, The Hill egunkariak jakinarazi duenez.

Egoitza nagusia Kalifornian duen Knight Specialty Insurance aseguru-etxeak izenpetu du fidantza. Epaiketan, 454 milioi euroko ordaintzera behartu zuten Trump, iruzur fiskala egotzita. Zehazki, enpresa kontuak hainbat urtez puztea leporatu zion Fiskaltzak, maileguetan baldintza hobeak lortzeko, besteak beste. Autoan, Arthur Engoron epaileak arrazoia eman zion Fiskaltzari.

Epailearen arabera, Trumpek aktibo higiezinen inguruan gezurra esan zien aseguru-etxeei eta bankuei. New Yorkeko Fiskaltzaren arabera, Trumpek 3.600 milioi dolar (3.300 milioi euro inguru) puztu zuen bere ondare garbia finantza erakundeen aurrean.

Presidente ohiaren abokatuek helegitea aurkeztu zuten, eta hori argitu bitartean, 30 eguneko epea eman zioten 175 milioi euroko fidantza ordaintzeko. Abokatuek aitortu dute zailtasunak izan dituztela dirua biltzeko. Azkenean, gaur jarri dute fidantza.

Modu horretan, helegitearen gaineko erabakia heldu arte, Letitia James New Yorkeko fiskal nagusiak ezingo du eman Trumpek ondasunak bahitzeko agindua.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Joe Biden