Mundua -
GAZA, ERASOPEAN
Jose Andres sukaldari espainiarraren World Central Kitchen erakundeko zazpi langile hil ditu Israelek Gazan
Sukaldariak bere samina agertu du hilketengatik, eta Israelgo Gobernuari eskatu dio Gazan egiten ari den "bereizi gabeko sarraskia" bertan behera utz dezala.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Jose Andres sukaldari espainiarraren World Central Kitchen (WCK) gobernuz kanpoko erakundeko gutxienez zazpi langile hil ditu Israelek Gazako Zerrendan bart egindako bonbardaketa batean. Zehazki, Deir al Bala hirian izan da atentatua. Zazpi biktimak furgoneta baten barruan zihoazen, soldadu israeldarren ibilgailuaren aurka lehergailuak jaurti dituztenean. Orain arte zabaldutako informazioaren arabera, bi estatubatuar, poloniar bat, britainiar bat, australiar bat eta palestinar bat daude hildakoen artean.
World Central Kitchen erakundeak X sare-sozialean zabaldutako mezu baten bidez baieztatu ditu hilketak. Azaldu duenez, giza-laguntza banatzera zihoazen zazpi langileok. "Tragedia bat da. Langile humanitarioek eta zibilek ez lukete inoiz helburu izan behar. Inoiz ez", dio mezuak.
Jose Andres sukaldariak ere zabaldu du mezu bat, hilketa gaitzetsiz eta bere samina adieraziz. Israelgo Gobernuari eskatu dio Gazan egiten ari den "bereizi gabeko sarraskia" bertan behera utz dezala.
Zipre eta Gazako Zerrenda artean itsasoko korridore humanitario bat martxan jartzeko ahaleginean ari zen World Central Kitchen erakundea Open Armsekin batera, erasoa izan denean.
Agiri batean, gobernuz kanpoko erakundeak azaldu du euren konboietako batek biltegi batean 100 tona janari hustu eta handik atera denean izan dela erasoa. Antza, Israelgo Armadarekin koordinatuta ari ziren lanean. Gaurkoa, laguntza humanitarioa bideratzen ari diren erakunde guztien kontrako erasoa izan dela ziurtatu du Erin Gore WCKeko zuzendariak. Esan duenez, bertan behera utzi dituzte, oraingoz, Gazan egiten ari ziren operazio guztiak, eta ondorengo orduotan erabakiko dute zein lan-ildo jarraituko duten hemendik aurrera.
Atentatuaren berri izan orduko, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak ere X sare-sozialean zabaldu du mezua. Doluminak adierazteaz gain, Gazan gobernuz kanpoko erakundeetan lanean ari direnen konpromisoa txalotu du.
Bere aldetik, Israelgo Armadak esan du ikerketa bat zabalduko dutela gertatutakoa argitzeko. Daniel Hagari Armadako eledunak Jose Andresen erakundearen lan "zintzoa" nabarmendu du, eta esan du iazko urriaren 7an Hamasek egindako erasoaren ondoren World Central Kitchen izan zela laguntza eskaintzen "lehentarikoa".