Mundua -
Gaza, erasopean
Gazan su-etenerako negoziazioak, gaur, Kairon, Netanyahuk bahituen senideen babesa galtzen duen bitartean
Hainbat bahituren senideek haiek askatzeko "akordio baterako oztopo" gisa ikusten dute lehen ministroa, eta Tel Aviveko Bahituen Plazako elkarretaratzeetan parte hartzeari utzi eta agintariaren aurkako kale mobilizazioetan parte hartzen hasiko direla iragarri dute.
EITB Media
Gazako Zerrendan su-etena lortzeko negoziazioak abiatuko dituzte berriro gaur Kairon, Israelgo inteligentzia zerbitzuen (Mossad eta Shin Bet) eta Armadako ordezkariak bertan direla.
Qatarren, Egiptoren eta AEBren bitartekaritza duten elkarrizketei duela astebete heldu zieten berriro, geldialdi luze baten ondoren. Orduan, Hamaseko ordezkaritzak su-eten "integrala" eskatu zuen berriro Gazarako, bai eta desplazatuak itzultzea eta tropa israeldarrak erretiratzea ere; Israelek "eldarniozko eskaera" zela esan zuen.
Frantziako, Egiptoko eta Jordaniako Atzerri ministroek berehalako su-etena eta Gazako Zerrendako biztanleek bizi duten krisi humanitarioari aurre egiteko neurriak eskatu dituzte larunbatean Kairotik.
Stephane Sejournek, Same Shukrik eta Ayman Safadik "Gazako herriak bizi duen krisi humanitarioarekin amaitzeko beharra" nabarmendu dute, Al Ahram Egiptoko egunkariak jakitera eman duenez.
Gobernu britainiarraren abokatuak: "Israelek legea urratzen du"
Diputatu kontserbadore batek jakitera eman duenez, Erresuma Batuko Gobernuaren abokatuen iritzian, Israelek nazioarteko legedi humanitarioa urratzen du Gazan. Hala balitz, Erresuma Batuak ezingo lioke herrialde horri armarik saldu.
The Observer egunkariak kaleratu du berria igande honetan. Bertan, martxoaren 13an Londresen egindako diru-bilketa ekitaldi batean Alicia Kearns Komunen Ganberako Kanpo Arazoetako Batzordeko presidenteak egindako adierazpen batzuen grabazioa zabaldu du egunkariak.
Filtratutako audioaren arabera, parlamentariak honakoa esan zien bertaratuei: "Israelek nazioarteko zuzenbide humanitarioa urratu duela dioen lege-aholkularitza ofiziala jaso du Atzerri Ministerioak, baina Gobernuak ez du horren berri eman".
"Ez dute esan eta ez dituzte armen esportazioak geldiarazi. Zigor txiki batzuek baino ez dizkiete aplikatu kolono israeldarrei; nazioarte osoa bat dator: kokaguneak legez kanpokoak dira", esaten ere entzun daiteke audio horretan.
Kearnsek berretsi egin du orduan esandakoa, eta gardentasuna eskatu dio Rishi Sunak lehen ministroaren gobernu kontserbadoreari.
Bahituen senideak, Netanyahuren aurka
Palestinako miliziek Gazako Zerrendan bahitutako hogei bat lagunen senideek Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa boteretik ateratzearen alde lan egiteko asmoa dutela jakinarazi dute larunbat honetan.
Familia horiek Israelgo prentsari azaldu diotenez, Netanyahuk atzera bota ditu bahituak askatzeko hainbat proposamen, eta negoziatzeko jarrera gogortu du akordio bat lortzeko izan diren harremanetan.
Netanyahu "akordioa adosteko oztopoa da", ohartarazi dute, eta erabakiak Ministroen Kontseiluari galdetu gabe hartu izana leporatu diote, bere interes politiko eta pertsonalari bakarrik begiratuta, The Times of Israel egunkariak zabaldutakoaren arabera.
Gainera, bahituen familien aurka gezur-kanpaina dagoela salatu dute. "Netanyahuren jokabidea pentsaezina da. Kriminala da. Ez dugu beste aukerarik. Hura botatzea da gure helburua, eta horretara jarriko gara. Akordio bat lortzeko modurik azkarrena da", argudiatu dute.
Ildo horretan, Tel Aviveko Bahituen Plazako elkarretaratzeetan parte hartzeari utzi eta lehen ministroaren aurkako kale mobilizazioetan parte hartuko dutela iragarri dute.