Mundua -
Gaza, erasopean
AEBk “isilka” baimendu du Israeli milioika dolar balio duten bonbak eta ehiza-hegazkinak ematea
Arma pakete berri honek 1.800 MK84 bonba eta 500 MK82 bonba baino gehiago lituzke, 'Washington Post' egunkariaren arabera. Joe Bidenek Israel babestuko duela berretsi du, Rafahn iragarritako erasoarekiko kezka agertu, eta zenbait alderdikidek ere laguntza militarra murrizteko eskatu dioten arren.
EITB Media
AEBk "isilka" baimendu du Israeli milioika dolar balio duten bonbak eta ehiza-hegazkinak ematea, Israelek Rafahn egin asmo duen erasoaldi militarraren aurrean "kezka" agertu badu ere.
Pentagonoko eta Estatu Departamentuko funtzionarioek Washington Post egunkariari adierazi diotenez, pakete militarrak 2.000 librako 1.800 MK84 bonba eta 500 librako 500 MK82 bonba baino gehiago ditu. Iturri horiek nahiago izan dute izenik ez eman, transferentzia hori ez delako publikoa.
Pakete horri aurreko astean onartutako 2.500 milioi dolarreko balioa zuen laguntza gehitu behar zaio, motorrak eta F-35A modeloko 25 ehiza-hegazkin barne. Laguntza hori 2008an Kongresuak oniritzia eman zion proposamen batean oinarrituta zegoenez, ez zuen aparteko baimenik behar.
Orain bidaltzekoak diren MK84 bonbek eraikin oso bat suntsi dezakete, eta hamabi metro baino gehiagoko diametroa eta sakonera duten kraterrak utz ditzakete. Mendebaldeko armadek dagoeneko ez dituzte halakoak erabiltzen eremu oso populatuetan, biktima zibil asko eragiteko arriskua dagoelako. Hala ere, Israelek erruz erabili ditu Gazako Zerrendan, eta zerikusi zuzena izan dute Israelek Gazan biktima zibil gehien eragin dituzten erasoekin: besteak beste, urriaren 31n Jabaliako errefuxiatu gunean izandako bonbardaketarekin. Eraso hartan, 140 pertsona baino gehiago hil zituen Israelek, NBEren estimazioaren arabera.
Kanpoko eta barruko presioak
Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak Washingtonera bisita egin du aste honetan, AEBko homologoekin Israelen arma beharrak aztertzeko. Hain zuzen ere, bisita horren ostean etorri da armak bidaltzeko erabakia.
Bestalde, aste honetan desadostasun nabariak izan dira Israelen eta AEBren artean, AEBk ez zuelako beto eskubidea erabili NBEko Segurtasun Kontseiluan, eta abstenituta Gazako Zerrendan su-etena eskatzen duen ebazpen bat onartzea ahalbidetu zuelako. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren arabera, jarrera horrek "Israelek Gazan gerra hasi zuenetik AEBk Segurtasun Kontseiluan duen jarreran atzerakada argia erakusten du".
Kanpotik ez ezik, barrutik ere badatozkio, ordea, presioak Joe Biden presidenteari; izan ere, bere alderdiko kide batzuek Israeli ematen dioten laguntza militarra murrizteko eskatu diote.
AEBko talde arabiarrek ere kritikatu dute Bidenen administrazioak Israeli ematen dion babesa, zigorgabetasun sentsazioa ematen omen diolako. AEBko arabiar askok Gazako gerragatik eta AEBk Israeli emandako laguntzagatik "sentitzen duten samina" aitortu du ostiral honetan Bidenek. Hala ere, Israeli babesa ematen jarraituko duela iragarri du, nahiz eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin gero eta ezadostasun handiagoak izan.