Mundua -

AEB

'Dali' kargaontziak kontrola eta propultsioa galdu zituen Baltimoreko zubiarekin talka egin aurretik

Gutxienez sei pertsona desagertuta daude eta bi erreskatatu dituzte, baina baliteke biktima gehiago izatea. Bidenek zubia berreraikitzeko eta portua berriro irekitzeko, "zeru-lurrak astintzeko", agindua eman du, orain blokeatuta baitago.

Istripua gertatu den Baltimoreko zubia. Argazkia: EFE.
Istripua gertatu den Baltimoreko zubia
''Dali'' kargaontziak kontrola eta propultsioa galdu zituen Baltimoreko zubiarekin talka egin aurretik

0:36

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dali zamaontziak Baltimoreko portutik (AEBetako ekialdeko kostaldea) irtetean kontrola eta propultsioa galdu zituela jakinarazi zien agintariei, talka egin eta Francis Scott Key zubia erortzea eragin baino lehentxeago, Azpiegituren Zibersegurtasun eta Segurtasunerako Agentziaren (CISA) txosten desklasifikatu baten arabera.

Istripua 01:30ean gertatu da zamaontziak 1977an eraikitako zubi hori jo eta ia erabat erortzea eragin duenean. Gutxienez sei pertsona desagertuta daude eta bi erreskatatu dituzte, baina baliteke biktima gehiago izatea.

"Ontziak Marylandeko Garraio Departamentuari (MDOT) jakinarazi zion ontziaren kontrola galdu zuela eta zubiarekin talka egin zezakeela", dio ABCk aipatutako txostenak.

Bidenek "zeru-lurrak astintzeko" agindua eman du zubia berreraikitzeko

Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak zubia berreraikitzeko eta portua berriro irekitzeko agindua eman du, orain blokeatuta baitago, ahal bezain laster. "Nire lantaldeari zeru-lurrak astintzeko agindu diot, portua berriro zabaltzeko eta zubia ahal bezain laster berreraikitzeko", esan du Bidenek.

Gainera, AEBko presidenteak iragarri du Gobernu federalak aurreratu egingo dituela zubiaren berreraikuntza ordaintzeko funtsak. "Elkarrekin berreraikiko dugu portu hau", adierazi du agintari estatubatuarrak. "Gobernu federalak zubi hori berreraikitzeko kostu osoa ordaintzea da nire asmoa", azaldu du. "Eta espero dut Kongresuak nire ahalegina babestea", erantsi du.

Bidenek gero argitu duenez, asmoa da Gobernuak dirua aurreratzea kontainer-ontziaren erantzukizuna zehaztu arte.

Baltimoreko portuan instalatutako kamera batek talkaren irudiak hartu ditu. 300 metroko luzera duen zamaontziak elektrizitatea galtzen duela eta talka egin aurretik argirik gabe gelditzen dela erakusten dute irudiok.

Kargaontzi batek Baltimoreko zubi handiena bota duen unea
Kargaontzi batek Baltimoreko zubi handiena bota duen unea
Kargaontzi batek Baltimoreko zubi handiena bota duen unea

0:22

Ontziak ke-zutabe handi bat bota zuen talka egin aurretik. Talkaren unean, kamioiak eta ibilgailuak zubitik igarotzen ari zirela ikusten da.

Zamaontzia, Singapurreko bandera duena, Baltimoretik abiatzen ari zen Colomborako (Sri Lanka) bidean, eta 95.000 tonako karga-ahalmena du.

Ikuskapen batek arazoak aurkitu zituen ekainean

Joan den ekainean Txileko San Antonio portuan egindako ikuskapen batek arazoak aurkitu zituen Dali zama-ontziaren "propultsioan eta makineria osagarrian", Equasis enpresaren datu-basearen arabera.

2021eko ekainaren 27an egindako ikuskapenean akatsak aurkitu ziren propultsioan eta, zehazkiago, "neurketa-aparatuetan, termometroetan eta abarretan". Arazo horiek bi ikuskapen gehiago eragin zituzten gerora, baina ontzia ez zuten gelditu eta lanean jarraitu ahal izan zuen, akatsak konpondu ondoren.

Eragin handia AEBko ekonomian

Baltimoreko portua blokeatzeak ondorio ekonomiko larriak izango ditu. Baltimorekoa AEBko portu nagusietako bat da Atlantikoan, eta 2023an 80.000 milioi dolarreko merkantziak iritsi ziren atzerritik. AEBko Mendebalde Ertainerako biderik azkarrena da, baita portu garrantzitsuena automobilen garraiorako ere.

2,5 kilometro luze eta 56 metro garai da Francis Scott Key zubia, eta 1977ko martxoaren 23an inauguratu zuten.

El puente Francis Scott Key, en Baltimore

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak