Mundua -

NBE

Israelek esan du AEBen abstentzioa NBEko Segurtasun Kontseiluan "akats morala eta etikoa" dela

Atzo, NBEko Segurtasun Kontseiluak lehen aldiz "berehalako" su-etena eskatu zuen Gazarako. Ebazpenak 14 babes jaso zituen bozketan, kontrako botorik ez, eta abstentzio bakarra izan AEBena izan zen.

Rafah, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Rafah, artxiboko irudi batean.
Rafah, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak Gazan su-etena eskatzen zuen ebazpen bat onartu zuen atzo lehen aldiz,  aurretik egindako hiru saiakerek huts egin ondoren. Bozketan, Ameriketako Estatu Batuak abstenitu egin ziren, eta horrek ahalbidetu zuen ebazpenak aurrera egitea. Biharamunean, Israelek gogor kritikatu du AEBen jarrera aldaketa, eta akats moral eta etikotzat jo du.

Israel Katz Israelgo Atzerri Gaietako ministroaren esanetan, Hamas mugimendu islamiarrari mesede egingo dio estatubatuarren abstentzioak, eta "Israel eta terroristen arteko negoziazioei kalte". Erantsi du "okerreko mezua" helarazi diela NBEk Hamasen borroka babesten dutenei.

Armadaren Irratiari egindako adierazpenetan, Katzek esan du "Hamasen helburua su-etena ezeren truke" lortzea dela, eta hori Israelek ez duela ontzat emango. "Israelek bide militarra erabilita erakutsiko du zeintzuk diren bere helburuak". Zentzu horretan, Hamas desagerraraztea eta bahituak askatzea aipatu ditu. Hala, aditzera eman du Israelek bere erasoei eutsiko diela, Segurtasun Kontseiluaren ebazpenari muzin eginda.

Halaber, berretsi du Israelen eta Estatu Batuen arteko harremana "sendoa" dela, eta atzoko batzarrean Joe Biden AEBtako presidenteak azaldutako jarreraren atzean Alderdi Demokrataren barruan Gazako gatazkaz "muturreko jarrera duten ordezkarien presioa" ikusten du.

Ebazpenean, Segurtasun Kontseiluak "berehalako su-etena" eskatu zuen Ramadaneko hilabetean (apirilaren 9an amaitzen da), "horrek su-eten iraunkorra ekar dezan", eta, aldi berean, Hamasen esku dauden "bahitu guztiak berehala eta baldintzarik gabe askatzea"; nolanahi ere, testuak ez ditu bata bestearekin lotzen.

Iazko urriaren 7an Hamasek Israelen kontrako erasoa egin zuenetik —1.200 pertsona hil zituzten, eta 240 gatibu hartu—, Israelgo Gobernuak abiatutako sarraskian 32.300 palestinar baino gehiago hil dira.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina