Mundua -
''ATENTATU LARRIALDIA''
Frantziako Gobernuak alerta terroristaren maila gorena ezarri du
"Estatu Islamikoak Moskuko atentatua bere gain hartu ondoren, gure herrialdeak jasaten dituen mehatxuak ikusita, Vigipirateko maila gorenera igotzea erabaki dugu: atentatu larrialdira", jakinarazi du Gabriel Attal Frantziako lehen ministroak X sare sozialean duen kontuan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Frantziako Gobernuak alerta terroristaren maila gorenera igo du igande honetan, ostiralean Mosku kanpoaldeko kontzertu-areto baten aurka egindako atentatuaren ostean.
"Estatu Islamikoak Moskuko atentatua bere gain hartu ondoren, gure herrialdeak jasaten dituen mehatxuak ikusita, Vigipirateko maila gorenera igotzea erabaki dugu: atentatu larrialdira", jakinarazi du Gabriel Attal Frantziako lehen ministroak X sare sozialean duen kontuan.
Erabakia Frantziako Segurtasun Kontseiluak hartu du, Emmanuel Macron presidentea buru zela, arratsaldean Eliseo Jauregian egindako bileran. Hitzordua "Moskuko atentatuari eta horren ondorioei" buruzkoa izan da.
Paris Joko Olinpikoen egoitza izan baino hilabete batzuk lehenago hartu dute erabakia agintariek.
Frantziako alerta terroristaren sistemak hiru maila ditu, eta mailarik altuena Frantzian edo atzerrian izandako eraso baten ondoren aktibatzen da, edota mehatxu bat berehalakotzat jotzen denean.
Salbuespenezko segurtasun-neurriak ahalbidetzen ditu, hala nola indar armatuek toki publikoetan (tren-geltokietan, aireportuetan eta erlijio-lekuetan) patruilak areagotzea.