Mundua -
Errusiako hauteskundeak
2030era arte agintean jarraituko du Putinek, inoizko emaitza onenak lortuta
Ukrainako gerra eta mendebaldearen zigorrak gorabehera, botoen % 87 lotu ditu, 2000. urtean estreinakoz presidente hautatu zutenetik izan duen garaipenik zabalena. Hil aurretik, Navalni trukatzea onartu zuela esan du Putinek, "baina zoritxarrez gertatu zena gertatu zen; horrelakoa da bizitza".
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Errusiako presidente Vladimir Putinek agintean jarraituko du 2030era arte, botoen % 87,29 lortuta. Hiru eguneko hauteskundeei amaiera emanda, Ella Pamfilova Hauteskunde Batzorde Zentraleko presidenteak zabaldu ditu datuok, boto-paperen % 99,76 zenbatuta dagoela.
71 urterekin, orain arteko garaipenik zabalena lortu du Putinek, Ukrainako gerra eta mendebaldeko herrialdeen zigor ekonomikoak gorabehera. Gainera, parte hartzea inoizko handiena izan da, % 77,44koa, eta 1991n ezarritako errekorra (% 74,66) gainditu da oraingoan.
Parte hartze hori apaltzeko "etsaiek" egindako saiakerak salatu ditu Pamfilovak. Besteak beste, "herritarrak beldurrarazteko ekintzak" aipatu ditu Hauteskunde Batzorde Zentraleko presidenteak. "Denetik egin dute: muga lurraldeetan eraso amaigabeak eta militarrak ez ziren helburuen kontrako eraso terroristak", kritikatu du Errusiak bereganatutako lurraldeetan Ukrainak egin dituen erasoaldiak ahotan hartuta.
Horrenbestez, Errusiako presidente izaten jarraituko du gutxienez sei urtez. Izan ere, hurrengo agintaldia bukatutakoan, berriro aurkeztu ahalko da bozetara, 2020an Konstituzioaren klausulak berritu baitzituen.
Emaitzak ezagutu berritan, agerraldia egin du Putinek eta eskerrak eman dizkie errusiarrei, babesagatik: "Aurrena, eskerrak eman nahi dizkiet Errusiako herritarrei. Lantalde bat gara. Hauteslekuetara joan eta botoa eman duten horiei, eskerrik asko".
Parte hartze handia, 1991tik handiena, goraipatu du Errusiako buruzagiak, eta Ukrainako gerrarekin zerikusi zuzena duela azaldu du. "Egin behar izan dugunarekin zerikusia du. Gure herritarren interesak armekin defendatu behar izan ditugu", nabarmendu du.
Navalniri buruz: "Horrelakoa da bizitza"
Errusiako presidenteak jakinarazi duenez, Alexei Navalni trukatzeko ituna egin zuen oposizioko kidea hil baino egun batzuk lehenago. Putinek lehen aldiz aipatu du oposizioko kidearen izena ("Navalni jauna" deitu dio). Azaldu du Kremlinen kanpoko pertsona batek —Roman Abramovich aberatsa, Nalvaniren gertukoen arabera— proposatu ziola Europan preso dauden errusiarrengatik trukea egitea, eta berak onartu egin zuela. "Baina zoritxarrez gertatu zena gertatu zen", gaineratu du eta heriotza "gertakari tristetzat" jo du.
Putinen esanetan, "nik baldintza bakarra jarri nuen: ez dadila inoiz bueltatu. Baina horrelakoa da bizitza".
Gerora, Putinen adierazpenak zuzendu ditu Dimitri Peskov Kremlingo bozeramaileak. Zehaztu duenez, presidenteak ez du esan trukea egiteko "negoziazioak" izan zirela, baizik eta pertsona batek "trukerako proposamena" egin ziola eta bera ados azaldu zela.
Ia lehiakiderik eta oposiziorik gabe
Presidentegaien artean, Nikolai Jaritonov komunista izan da bigarren bozkatuena (botoen % 4,17), eta atzetik geratu dira Jende Berria alderdiko Vladislav Davankov (botoen % 4,07) eta Leonid Slutski ultranazionalista (botoen % 3,15).
Oposizioa, bestalde, ezin izan da hauteskundeetara aurkeztu, Hauteskunde Batzordeak ez zituelako hautagaien izenak erregistratu, arrazoi teknikoak tarteko edo Ukrainarekin bakeak egin nahi zituztelako.
Horren aurrean, hauteskunde adituek eta atzerriko komunikabideek manipulazioa salatu dute, baina Hauteskunde Batzorde Zentralak ukatu egin du legez kontra jokatu izana.
Aipatzekoak dira, halaber, egunotan Errusian drone bidez izan diren erasoak eta Ukrainako mugan gertatutako liskarrak. Horietan, hainbat pertsona hil dira, eta Putinek bere berrautaketa oztopatu nahi izana egotzi dio Kievi.