Mundua -

Lehenengo eguna

Historiako zortzigarren presidentetza hauteskundeak ditu Errusiak, gaurdanik

112 milioi errusiar daude bozkatzera deituta, datozen hiru egunetan. Inkesta ofizialen arabera, boto asmoaren % 80 du Putinek, beste hiru hautagairekin lehian arituko bada ere.

Historiako zortzigarren presidentetza hauteskundeak ditu Errusiak
Historiako zortzigarren presidentetza hauteskundeak ditu Errusiak
Historiako zortzigarren presidentetza hauteskundeak ditu Errusiak

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Presidentetza hauteskundeen lehen eguna du Errusiak gaur, ostirala. Sei urteko bosgarren agintaldia bermatzea bilatuko du jarduneko presidente Vladimir Putinek boz horietan.

Hauteslekuak atzo gauean ireki zituzten Kamtxatkan eta Txukotkan, Errusiak ekialderen dituen eskualdeetan, 12 ordu eremu baititu herrialdeak. Guztira, 112 milioi herritar daude hautetsontzietara deituta, hiru egunez. Izan ere, 36 orduko epea dute errusiarrek botoa emateko.

Inkesta ofizialen arabera, boto asmoaren % 80 du Putinek, beste hiru hautagairekin lehian arituko bada ere. Asmo hori betetzekotan, 2000. urtean agintea hartu zuenetik izandako garaipenik zabalena litzateke igandekoa.

Inkesta horietan oinarrituta, Vladislav Davankov hautagaiak boto emaileen % 6aren babesa lortuko luke, eta babes berdina izango luke Nikolai Jasritonov komunistak. Leonid Slutski ultranazionalistak, berriz, botoen % 5 eskuratuko luke.

Bestalde, Hauteskunde Batzordeak emandako informazioaren arabera, 89 eskualdetan egingo dituzte hauteskundeak —horietako lau ukrainarrak dira: Donetsk, Luhansk, Jerson eta Zaporozhye—. Krimean ere bozkatuko dute.

Orotara, 93.644 hautesleku daude zabalik. Gainera, errusiar herritarrak bizi diren beste 144 herrialdetan 295 hautesleku gehiago ireki dituzte.

Hiru herritarretik batek modu elektronikoan bozkatu ahal izango du, nahiz eta atzerriko oposizioaren ustez, iruzurrari bide ematen dion horrek.

Errusiako oposizioaren buru zena, Alexei Navalni, kartzelan hilda agertu zenetik, haren alderdikideek —Putin jotzen dute horren erantzule— Mendebaldeko herrialdeei eskatu diete ez ditzatela hauteskundeetako emaitzak onartu. 

Ukrainak, bestetik, legez kontrakotzat ikusten ditu boz horiek bere lurraldean. Horren aurrean, Errusiaren aurkako erasoak areagotu ditu azken egunotan.

1991ko ekainaren 12an egin zituzten Errusiako lehen hauteskundeak, oraindik Sobietar Batasuna existitzen zenean, eta Boris Yeltsinek irabazi zituen. 1996an presidente aukeratu zuten berriro, baina 2000. urteko martxoko hauteskundeak baino lehen Putini laga zion agintea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Errusia Vladímir Putin Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak