Mundua -

INTELIGENTZIA ARTIFIZIALA

Inteligentzia artifiziala arautzen duen munduko lehen legea berretsi du Europako Parlamentuak

Aurreikuspenen arabera, Europar Batasunak datozen asteotan onartuko du behin betiko legea, baina 2026ra arte ez da indarrean sartuko. Berrikuntza eta bikaintasun teknologikoa bultzatu bai, baina herritarren giza eskubideak babestuta. Hori da helburua.

Argazkia: EFE
Inteligentzia Artifiziala
Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Inteligentzia artifiziala arautzen duen Europako eta munduko lehendabiziko legea berretsi du gaur Europako Parlamentuak. Iazko abenduan adostu zuten araua Europako erakunde nagusienetako ordezkariek, eta orduan esan zutenez, "berrikuntza kaltetu gabe", teknologia mota horren "arriskuak mugatzea" du helburu legeak.

Goizean egin duten bilkuran, aldeko 523 boto, kontrako 46 eta 49 abstentzio jaso ditu legeak. Onartu berritan, bultzatzaile nagusienetakoa izan den Thierry Breton Europako Barne Merkatuko komisario frantziarra pozik agertu da, legeak jaso duen babesagatik. 

Behin Ganberaren argi berdea jasota, Europar Batasunari dagokio orain legea behin betiko onartzea. Ondo bidean, datozen asteotan izango da hori, baina 2026ra arte ez da indarrean sartuko legea.

Herritarren eskubideak lehenetsi, eta hortik abiatuta, inteligentzia artifizialaren erabilera ahalbidetu, mugatu edota debekatuko da hemendik aurrera EBko herrialdeetan. Modu horretan, AEB edota Txina bezalako potentzien aurrean, "Europako industria teknologikoa bultzatu" nahi dela ere esan du Bretonek. "Eredu izan nahi dugu".

Besteak beste, espazio publikoetan inteligentzia artifizialaren bidezko "zaintza masiboa" debekatuta egongo da, baina segurtasun indarrek "biometria bidezko identifikazio kamerak" erabiltzeko baimena izango dute (epaile baten baimenarekin),  herritarren kontrako erasoak eragozteko (mehatxu terroristak, delitu sexualak, pertsonen salerosketa edota ingurugiroaren kontrako krimenak).

Horrez gain, ChatGPT, OpenAI edo Bard bezalako programek nahitaez bete beharreko arauak zehazten ditu testu berriak. Hala, eduki bat inteligentzia artifizialarekin sortutakoa bada, argi eta garbi azaldu beharko da hori. Horretarako erabilitako argazki, irudi edota testuen egiletza ere aitortu beharko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Europa Eguneko albisteak Albisteak Europako Parlamentua Inteligentzia artifiziala