Mundua -

ESTADOS UNIDOS

Donald Trump izango da Etxe Zurirako hautagai errepublikanoa

1.228 ordekari lortu ditu, jada, primarioetan, eta beraz, hautagai izateko behar zuen gutxieneko langa (1.215 ordezkari) aise gainditu du.

Donal Trump, aste honetako ekitaldi batean. Argazkia: EFE
Donal Trump, aste honetako ekitaldi batean.
Donal Trump, aste honetako ekitaldi batean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump Estatu Batuetako presidente ohia berriro izango da Etxe Zurirako hautagai errepublikanoa, atzo Washingtonen, Missisippin eta Georgian izandako primarioetan irabazi eta presidentegai izateko behar den ordezkari kopurua bermatu ondoren.

Urtarrilean abiatu ziren primarioak, eta ordutik egindako bozketetan 1.228 ordezkari batu ditu Trumpek —1.215 ordezkari behar zituen, gutxienez, hautagai izateko—.  Uztailean Wisconsinen egingo den Alderdi Errepublikanoaren Konbentzio Nazionalean izendatuko dute ofizialki presidentegai. 

Bart, garaipena baieztatu berritan, bideo bat zabaldu du Trumpek X sare-sozialean. Bertan, esan du "garaipen handia" dela lortutakoa, baina orain "berriro lanari" ekitea beharrezkoa dela, "AEBko historiako presidente okerrenari aurre" egiteko. "Bere izena Joe Biden da, Joe Biden ustela bezala ere ezaguna. Kanporatu egin behar dugu", azaldu du.

Bidenek ere, hautagai demokrata izateko ordezkari kopurua bermatuta du: 2.099 bildu ditu orain arteko lasterketan —1968 behar zituen, gutxienez—. Bere hautagaitza abuztuan egingo du ofizial Alderdi Demokratak, Chicagon egingo duen ekitaldi batean. "Trumpen mehatxua inoizko handiena den honetan, zinez eskertzen diet estatubatuarrei eta nire alderdiari nigan jarritako konfiantza", esan zuen.

Azaroan egingo dira AEBko presidente berria aukeratzeko hauteskundeak, eta Bidenen eta Trumpen arteko orain lau urteko aurrez aurrekoa errepikatuko da. 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Zenbat hautagai daude hauteskundeetan? Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Joe Biden