Mundua -

Gaza, erasopean

Save the Childrenek ohartarazi du airez edo itsasoz sartzen den laguntzak ez duela Gazako krisia konpontzen

GKEaren ustez, "berehalako eta behin betiko su-etena da irtenbidea, laguntza humanitarioa mugako pasabide guztietatik eta Zerrendaren barruan modu seguruan eta murrizketarik gabe sartzearekin batera". Open Armsen ontzi bat Gazara abiatzeko zain dago Zipren, 200 tona elikagairekin.

Gazako emakumeak hondakin artean inprobisatutako labeetan ogia egiten. EFE.
Gazako emakumeak hondakin artean inprobisatutako labeetan ogia egiten. EFE.
Gazako emakumeak hondakin artean inprobisatutako labeetan ogia egiten. EFE.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak ohartarazi duenez, itsas korridore baten bidez Gazara laguntza humanitarioa bidaltzeko planek zein joan den astetik airez Gazara botatzen ari diren laguntza ez da irtenbidea han harrapatuta dauden ehunka mila palestinarrentzat; Israelen eta Hamasen arteko berehalako su-eten batek soilik salba diezaiekeela bizia gazatarrei.

Igande honetan argitaratutako ohar batean, Save the Childrenek gogorarazi du haurrak gosez hiltzen ari direla, eta AEBk itsas korridorea osatzeko eraiki asmo duen behin-behineko portu flotagarria egiteak luzeegi joko lukeela. 

"Laguntza emateko bide alternatibo horiek garestiak dira, ez dira eraginkorrak, eta distraktzio bat dira, Gazako haurren eta familien bizitzak salbatzeko behar den ezinbesteko irtenbidearentzat", adierazi du gobernuz kanpoko erakundeak. "Irtenbide bakarra berehalako eta behin betiko su-etena da, mugako igarobide guztietan eta Zerrendaren barruan laguntza humanitarioa modu seguruan eta murrizketarik gabe banatu eta eskuratu ahal izatearekin batera", azaldu du.

"Norengana iristen diren koordinatu gabe" airetik botatzen den laguntza eta ostegunean iragarritakoa bezalako itsas korridoreak ez dira, horren ustez, haurrak bizirik mantentzeko irtenbidea, eta "ez dira ezarritako lurreko ibilbideetan zehar trabarik gabeko laguntza humanitario baten ordezkoak". 

Jason Lee Save the Childreneko zuzendariaren ustez, Palestinako lurralde okupatuetarako, haurren bizitzak salbatzea "ordu edo egun kontua da, ez aste kontua (...) Behin betiko su-etena behar dugu, orain, eta, bitartean, premiazkoa da berehala sarbide humanitarioa izatea, ahal den ibilbide guztietatik".

Open Arms, laguntza bidaltzeko prest

Open Arms gobernuz kanpoko erakundearen ontzi bat Gazara abiatzeko prest eta baldintza egokien zain dago Zipren, 200 tona elikagai (irina, arroza eta atun latak) bilduta dituela, Israelen blokeo eta erasoek eragindako gosetea arintzeko. Plana da ontzia igandean zehar abiatzea, baina oraindik ez dakite noiz abiatu ahalko den.

Laura Lanuza Open Armseko Komunikazio eta Proiektuen zuzendariak adierazi duenez, baldintza egokien zain daude, ontziaren bidaia oso konplexua delako eta faktore asko izan behar direlako alde abiatu ahal izateko, eguraldia eta itsasoaren egoera, besteak beste.

Laguntza-operazio hori duela hilabete batzuk hasi ziren prestatzen, World Central Kitchen Jose Andres sukaldari espainiar ezagunak sortutako GKEarekin batera, eta Gazan bertan banatuko du laguntza.

Ontzia Zipreko Larnakako portuan dago otsailaren erdialdetik, eta laguntza-operazioak Zipreko Gobernuaren, Israelen eta Palestinako Aginte Nazionalaren baimena du, Open Arms erakundearen arabera.

Lanuzaren arabera, gobernuz kanpoko bi erakunde horien misioak "ez du zerikusirik" ostiralean Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak iragarritako korridore humanitario baten irekierarekin.

Open Armsen ontzi batek 200 tona janari eramango du Zipretik Gazara
Open Armsen ontzi batek 200 tona janari eramango du Zipretik Gazara
Open Armsen ontzi batek 200 tona janari eramango du Zipretik Gazara

0:35

Nazioartearen presioa Israeli

Israelen eta Hamasen artean su-eten bat negoziatzen ari diren bitartean, nazioarteak Israeli presioa egiten jarraitzen du Gazara laguntza humanitario gehiago sartzen utz dezan, Gaza iparraldera bereziki, han 700.000 lagun baitaude gosete arriskuan.

Von der Leyenek ostiralean iragarri zuenez, "laster" korridore humanitario bat itsasoz zabaltzekoak dira, "asteburu honetan", zehazki, "operazio pilotu" batekin, baina ez zuen xehetasun gehiagorik eman.

EBko presidenteak, halaber, Europar Batasunak, Arabiar Emirerri Batuek eta Ameriketako Estatu Batuek bost hilabeteko gerraren ondoren Gazako herritarrei laguntza humanitarioa emateko erakutsitako ausardia eta ahaleginak azpimarratu zituen.

Washingtonek, bere aldetik, Gazako kostaldearen aurrean kai flotagarri bat eraikitzeko asmoa agertu du, laguntza lehorreratzea errazteko.

Bost hilabeteko erasoaldian 30.900 pertsona baino gehiago hil ditu Israelek Gazako Zerrendan, Hamasek 1.200 pertsona hil eta 253 bahitu ondoren errepresalia gisa abiatu zuen erasoaldian.

Gazatíes llorando a los muertos. EFE.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ameriketako Estatu Batuak Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Giza eskubideak Gosea munduan Gobernuz Kanpoko Erakundeak Ekialde Hurbila gaur