Mundua -
Gerra Ukrainan
Errusiar droneek leherketak eragin dituzte Zelenski eta Mitsotakisen konboietatik gertu, Odesan
ERT Greziako irrati publikoak Odesan duen korrespontsalaren arabera, bi buruzagien bileran, gainera, misil balistikoekin eraso dute hiria, eta sirenak jo eta aireko defentsa aktibatu behar izan dute.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Hainbat leherketa izan dira asteazken honetan Volodimir Zelensky Ukrainako presidentea eta Kyriakos Mitsotakis Greziako lehen ministroa zihoazen auto konboietatik 200 metro baino gutxiagora, bi agintariak Ukrainako Odesa hirian bildu baino minutu batzuk lehenago. Biak onik atera dira erasotik.
SKAI telebista pribatuaren arabera, leherketak konboitik 150 metrora baino ez dira izan, eta drone errusiarren eraso batek eragin ditu.
Greziako Gobernuko iturriek adierazi dutenez, Mitsotakis eta bere ordezkaritzako kide guztiak onik daude, eta Zelenksirekin aurreikusita zuten bilera egin ahal izan dute.
Leherketak gertatu eta berehala, konboi greziarra aurretik zehaztutako bidetik desbideratu da, Ukrainako agintarien aginduak betez, SKAIk zehaztu duenez.
ERT Greziako irrati publikoak Odesan duen korrespontsalaren arabera, bi buruzagien bileran, gainera, misil balistikoekin eraso dute hiria, eta sirenak jo eta aireko defentsa aktibatu behar izan dute.
Ukraina hego-mendebaldeko portu-hiri horri beste aire-eraso bat egin zioten joan den larunbatean.
Greziako lehen ministroak azpimarratu duenez, gertakaria Ukrainan "egunero gerra bat dagoela, fronteari ez ezik, pertsona errugabeei ere eragiten diena gogorarazteko modurik onena eta biziena" da.