Mundua -
AMERIKETAKO ESTATU BATUAK
Nikki Haley gobernadore ohiak AEBko presidentetzarako Alderdi Errepublikanoaren hautagai izateko lehia utzi du
Beraz, Donald Trump izango da errepublikanoen hautagaia azaroaren 5eko hauteskundeetan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Atzoko "superastearteak" utzitako emaitzen ondoren, Nikki Haley Hego Karolinako gobernadore ohiak amore eman eta AEBko Alderdi Errepublikanoaren presidentetzarako hautagai izateko lehia utzi du. Beraz, Donald Trump presidente ohia izango da errepublikanoen hautagaia azaroaren 5eko hauteskundeetan.
Haley hautagaiak 16:00etarako deitu ditu hedabideak, lehiatik erretiratzen dela ofizial egiteko.
"Superasteartean" lehian ziren 15 estatuetatik 14tan lortu du garaipena Trumpek, Haleyk Vermont eskuratu baitu. Zehazki, 43 ordezkari bereganatu ditu eta Trumpek, berriz, 764.
Orain arte, Washington hiriburuan eta Vermonteko estatuan soilik lortu du garaipena.
Gauzak horrela, Trumpek bidea libre izango du hemendik aurrera eta Alderdi Errepublikanoak uztailean izendatuko du ofizialki hautagai gisa. Ondoren, azaroko hauteskundeetan Joe Biden egungo presidentearekin lehiatuko da, bigarrenez.