Mundua -

AEB

"Superastearteak" ia erabakita utzi ditu Donald Trumpen eta Joe Bidenen hautagaitzak AEBko Presidentetzarako

Hautagai demokratak ez du aurkaririk izan eta estatu guztietan irabazi du. Trumpek lehian ziren 14 estatuetatik 13tan lortu du garaipena, Nikki Haleyk Vermont eskuratu baitu. Hori horrela, NBEren enbaxadore izandakoak lasterketa utzi du.

Trump, garaipena ospatzen, bart. Argazkia: EFE
Trump, garaipena ospatzen, bart.
Joe Bidenek eta Donald Trumpek erraz irabazi dute ''superasteartean''

0:36

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBko presidenterako barne hauteskundeen egun handiak, "superarteartea" delakoak, kasik argituta utzi du Donald Trump errepublikanoa eta Joe Biden demokrata izango direla presidentegaiak azaroko bozetan. 

Trumpek, lehiakide argi bat izan duen hautagai bakarrak, agerian utzi du Nikki Haley NBEren enbaxadore ohiak zail izango duela garaipena alderdiak uztailean egin beharreko batzarrean. Hautagai izateko behar diren 1.215 ordezkarietatik 900eko langa igaro du presidente ohiak, eta dena ondo bidean, astebetean berretsita izango du hautagaitza

Haleyk 53 ordezkari baino ez ditu, eta "superasteartean" Vermonteko estatuan bakarrik irabazi du, tarte txikiarekin gainera. 

Plaza handienetan gailendu da Trump: Texasen, 161 ordezkari eskuratuta (botoen % 78) eta Kalifornian, 169 ordezkari eta babesaren % 70 jasota. 

Beste estatu batzuetan ere alde handia atera dio presidente ohiak Haleyri. Alabaman  % 84rekin irabazi du, eta Arkansasen, % 77rekin. Antzeko emaitzak lortu ditu giltzarri diren beste estatu batzuetan ere: Virginia (% 63), Ipar Karolina (% 75) eta Minnesota (% 68). 

Ahulguneak ere baditu, dena den. Coloradon eta Virginian —anitzagoak, moderatuagoak eta hiritarragoak — portzentaje apalagoak lortu ditu (% 60ren ingurukoak). 

Emaitzak jakinarazi ostean, pozarren agertu da Trump: "Gau itzela izan da". Presidente izandakoak ez du Nikki Haley aurkaria aipatu ere egin eta Biden hartu du jomugan. Horren hitzetan, "AEBko inoizko presidente txarrena da".

Bart gaueko porrotaren ostean, isilik dago Nikki Haley. Vermonten soilik irabazi du, eta estatu horrek oso ordezkari gutxi banatzen ditu (865etatik 17). NBEren enbaxadore izandakoak lasterketa utziko duela iragarriko du arratsaldean.

Bidenen garaipen erosoa

Joe Biden hautagai demokrata eta AEBko presidenteak ia estatu guztietan irabazi du; AEBko Samoa da salbuespena, Jason Palmer hautagai ezezagunak irabazi baitu bertan. 

Hautagaiak ez du agerraldi publikorik egin, eta ohar bidez egin du emaitzen balorazioa, beste behin Trump kritikatuta. 

Bidenen arabera, AEBko demokrazia "suntsitzeko tematuta dago Trump". Azpimarratu duenez, "bart gaueko emaitzek atakan utzi dute AEBko herria: aurrera egiten jarraituko dugu ala Donald Trumpi bere aurreko agintaldian lege izan ziren kaosa, zatiketa eta iluntasuna inposatzen utziko diogu?". 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Hautagaiei buruzko albisteak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Hauteskundeak gaur Joe Biden