Mundua -
Gaza erasopean
Gazako Zerrendan su-etena adosteko negoziazioetan parte ez hartzea erabaki du Israelek
Igande honetan berrekin diete Kairon Hamasen, AEBren eta Qatarren arteko negoziazioei. Israelek parte ez hartzea erabaki du, Hamasek ez duelako bahituen egoerari buruzko informaziorik eman.
EITB Media
Gazako Zerrendan su-etena adosteko negoziazioetan parte ez hartzea erabaki du Israelek. Igande honetan berrekin diete Kairon Hamasen, AEBren eta Qatarren arteko negoziazioei. Israelek parte ez hartzea erabaki du, Hamasek bahituen egoerari buruzko informaziorik eman ez duelako.
Agentzien arabera, Egiptoko Inteligentziaren iturriak aipatuta, Egipto ahalegin handiak egiten ari da Ramadana hasi aurretik su-etena indarrean sar dadin, martxoaren 11rako, alegia, ilargiaren egutegiaren arabera. "Aurrerapauso nabarmena dago su-etenaren negoziazioetan, eta akordio justu bat lortzen ahaleginduko gara", esan dio iturri horrek Al Qahera Newsi, xehetasun gehiagorik eman gabe.
Bilera hori egiten bada, Israelen bonbardaketa bortitzek Khan Yunis ingurua astindu osteko gauean izango da. Israelgo Armadak X sare sozialean jakinarazi duenez, bere hegazkinek Hamasen "50 bat helbururi" eraso diete bart "sei minutuko tartean". Erasoak ez du etenik, lurrez.
Agintari palestinarren azken eguneratzearen arabera, urriaren 7tik 30.410 pertsona hil ditu Israelek Gazan, eta 71.700 zauritu. 14 pertsona hil dira Israelek larunbatean desplazatuen kanpin-denden aurka eta Rafahko Emirerrietako Haur eta Amatasun Ospitaleko ate nagusiaren ondoan bilduta zeuden lagunen aurka egindako erasoen ondorioz.