Mundua -

ERRUSIA

Navalniren hurbilekoek hura askatzeko aurreakordio bat zegoela ziurtatu dute

Aholkulari baten arabera, Navalniren truke Alemanian agente errusiar bat kartzelatik ateratzearen aurka agertu zen Putin.

Navalni, kartzelan. Argazkia: EITB Media
Navalni, kartzelan. Argazkia: EITB Media
Navalni, kartzelan. Argazkia: EITB Media

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alexei Navalni politikari errusiarra aske uzteko "egun batzuetara" zegoen, aurreakordio bat medio. Politikari zenaren hurbilekoen arabera, akordio hori "azken fasean" zegoen, baina Vladimir Putin presidentearen gaitzespenarekin egin zuen topo. Horrela, uko egin zion trukean Alemanian atxilotutako Vadim Krasikov agentea askatzeko tratuari.

Maria Pevchij Navalniren aliatuak politikariaren Youtubeko kanalean ziurtatu duenez, Putinen oniritzia baino ez zen falta duela bi urtetik lanean ari ziren trukea ixteko. Azaldu duenez, Ukrainan erasoaldia hasi zenetik Navalni kartzelatik ateratzeko helburua ezarri zuten, haren egoerak okerrera egingo ote zuen beldur.

Azkenean, Artikoko kartzela urrun batera eraman zuten, "mundutik ezkutatuta" eta "torturatuta", Pevchijek salatu duenez. "Putinek Navalni zergatik hil zuen" aipatzeaz gain, otsailaren 16an hiltzea eragin zuten arrazoiak ere ulertzeko deia egin du.

"Datozen egunetan Navalni askatzekoak ziren, haren trukeari buruzko erabaki bat hartu genuelako", esan du, eta azaldu du hilaren hasieran eskaintza bat aurkeztu ziotela Putini, eta otsailaren 15eko arratsaldean dena "azken fasean" zegoela.

Orduan, Krasikov Errusiara itzultzeko "modu bakarra" Navalni askatzea zela adierazi zitzaion Errusiako presidenteari. Beraz, Pevchijen arabera, trukerako txanpon izan behar zuena desagerraraztea erabaki zuen hark.

Alemaniak ez du ezer adierazi

Alemaniako Gobernuak ez du adierazpenik egin mahai gainean zegoen ustezko trukeari buruz. "Une honetan, ezin dut hori aipatu", adierazi du Christiane Hoffmann Gobernuaren bozeramaileak.

Hala ere, Olaf Scholz kantzilerrak Putini leporatu dio berriro Navalniren heriotzaren erantzukizuna.

Alemaniako gobernuburuak adierazi duenez, Errusiako presidenteak eta aliatuek "beldur handia" dute, martxoko presidentetzarako hauteskundeetarako hautagaitzak baliogabetuta, Putin faborito argia baita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Errusia Vladímir Putin Alemania Eguneko albisteak Albisteak Giza eskubideak albisteak