Mundua -
GAZAKO GERRA
Gazan su-eten bat ezartzeko negoziazioak berrabiarazi dituzte Israelek eta Hamasek, Qatarren
Negoziazioaren gertuko iturriek aurreratu dutenez, Israelek mahai gainean jarriko duen zirriborroak sei asteko su-etena proposatzen du, 40 bahitu israeldar eta 200-300 preso palestinar askatzearen truke.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gazan su-eten bat ezartzeko negoziazioak berrabiarazi dituzte asteburuan Israelgo Gobernuko eta Hamas talde islamiarreko ordezkariek Dohan (Qatar). Elkarrizketetan parte hartzen ari dira, baita ere, Egiptoko, Ameriketako Estatu Batuetako eta Qatarko agintariak. Su-eten baterako baldintzak adostea da helburua, bereziki, bahituen eta presoen arteko trukea hitzartuta.
Bejamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak atzo, CBS hedabideari emandako elkarrizketa batean, esan zuen Hamasek bere "eskaera burugabeak" alde batera uztea "nahitaezkoa" dela, akordioa lortzeko. Nolanahi ere, ez zuen talde islamiarraren eskarien berri eman.
Israelgo hedabideek zabaldu dutenez, Netanyahuren lantaldea "zuhurra bezain baikorra" da azken bilera hauen aurrean, eta akordioa egon daitekeela uste dute. Asteburuan Parisen egindako bileran, Egiptoko, Israelgo eta AEBko inteligentzia zerbitzuek landutako zirriborroa eramango dute Qatarreko negoziazioetara, eta ikusteko dago Hamasek nola hartuko duen.
Dokumentuaren xehetasunak ez dituzte zabaldu, baina negoziazioaren gertuko iturriek aurreratu dute Israelek mahai gainean jarriko duen zirriborroak sei asteko su-etena proposatzen duela, 40 bahitu israeldar eta 200-300 preso palestinar askatzearen truke.
2023ko urriaren 7an Gazan gerra hasi zenetik, Israelgo Armadak 29.000 palestinar baino gehiago hil ditu, gehienak emakumeak eta haurrak.