Mundua -
GAZA, ERASOPEAN
Su-eten zirriborro bat aztertzen ari da Israel, Gazan jendea goseagatik ere hiltzen hasi denean
Parisen izaten ari diren elkarrizketen inguruan filtratu diren lehen informazioen arabera, sei aste iraungo lituzkeen lehen fasean, 40 bat bahitu askatuko lituzke Hamasek (emakumeak, adinekoak eta gaixoak) eta 200-500 preso palestinar Israelek.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Israelgo gerra-kabinetea osatzen duten ministroek gaur gauean bozkatuko dute, aurreikuspen guztien arabera, eta telefono bidez, Gazan balizko su-eten baterako zirriborro oso abstraktu bat babesten duten ala ez. Bien bitartean, Gazan, larrialdi humanitarioak ez du etenik eta bi hilabeteko haurtxo bat hil da malnutrizioaren ondorioz, bertako larrialdi-zerbitzuek jakitera eman dutenez.
Atzo gauean, "aurrerapauso nabarmenak" izan ziren balizko su-etena ekartzeko baldintza den Israelgo bahituen eta preso palestinarren trukerako negoziazioetan, elkarrizketen berri izan zuten iturriek Israelgo hedabideei jakinarazi dietenez, baina ikusi egin beharko da gauzatzen den ala ez.
Hamasen gertuko iturriek adierazi dutenez, gazatarrek "gosea eta desplazamendua jasaten jarraitzen duten bitartean eta iparraldean etxera itzuli ezin duten bitartean, ez du zentzurik su-etenei buruz hitz egiteak".
Tzachi Hanegbi Israelgo Segurtasun Nazionaleko aholkulariak hango prentsari baieztatu dionez, ordea, Parisen eztabaidatutakoak "aurrera egitea posible" ikusten du.
Sei asteko lehen su-eten aldi bat
Parisko elkarrizketei buruz filtratu diren lehen informazioen arabera, 40 bat bahitu (emakumeak, adinekoak eta gaixoak) askatuko lituzke Hamasek sei aste epean, eta trukean, Israelek 200-500 preso palestinar.
Islamistak prest leudeke sei asteko su-etena onartzeko, "su-eten iraunkorrerako elkarrizketak" berehala hasten badira, Mousa Abu Marzouk Hamaseko buruzagiakEgiptoko Al Ghad irrati-kateari emandako elkarrizketa batean esandakoan arabera.
Iturri horien arabera, akordioa Ramadanaren hilabete sakratua hasi baino lehen erdietsi beharko litzateke. Ramadana martxoaren 10ean hastea aurreikusten da, eta Israelek itun bat adosteko edo Rafah inbaditzeko (Zerrendaren hegoaldea) emandako gehienezko epearekin bat dator.
Parisko bileran, Israelgo kanpo eta barne inteligentzia zerbitzuetako buruak, Bill Burns CIAko burua, Mohammed bin Abdulrahman Al Thani Qatarreko lehen ministroa eta Abbas Kamel Egiptoko inteligentzia burua egon omen ziren.
Bi hilabete haurra hil da gosez
Duela aste batzuetatik su-etena negoziatzen ari diren bitartean, Palestinako egoera humanitarioak larriki egin du okerrera eta "kritikoa" da iparraldean, NBEren Gai Humanitarioak Koordinatzeko Bulegoak (OCHA) atzo salatu zuenez.
Mahmoud Fattouh bi hilabeteko haurtxo baten heriotza baieztatu dute gaur Gazako Al Shifa Ospitalean, Jabaliako kanpalekutik zazpi bat kilometrora.
Jaioberria "gaizki elikatuta aurkitu zuten kalean, ezin zuelako elikatu negarrez ari zen amaren besoetan".
141 eguneko gerraren ostean, 29.600 gazatar baino gehiago hil dituzte Gazako Zerrendan, Osasun Ministerioaren datuen arabera.
"Aukeratu gure maiteen bizitza", eskatu diote gaur gauean Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari ehunka manifestarik Tel Aviven (ur-kanoiekin banatu dituzte, Israelgo hedabideen arabera), Haifan edo Caesaren. Israelgo 134 bahituak askatzeaz gain, hauteskundeak aurreratzeko ere eskatu dute.