Mundua -
NBE-ren segurtasun kontseilua
AEBk Gazan su-etena eskatzen zuen beste ebazpen bati betoa jarri dio eta baldintzapeko menia proposatu du
Betorako duen eskubidea baliatu du Washingtonek, hirugarrenez. Errefusatutako testuak Palestinako zibilen nahitaezko lekualdaketa salatu eta bahitutakoak askatzeko eta laguntza humanitarioa sartzeko eskatzen zuen.
EITB Media
Hirugarrenez, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluan duen beto eskubidea baliatu dute Ameriketako Estatu Batuek (AEB) Gazan berehalako su-eten bat oztopatzeko. Aljeriak eraman du proposamena, herrialde arabiarren izenean.
Ebazpenak 13 aldeko boto jaso ditu, kontrako bat (AEB) eta abstentzio bat (Erresuma Batua). Onartua izateko, baina, gutxienez aldeko 9 boto eta Kontseiluko bost kide iraunkorren (Txina, Frantzia, Errusia, Erresuma Batua eta AEB) betorik ez jasotzea behar zen.
Berehalako meniaz gain, honakoak aldarrikatzen zituen testuak: Palestinako zibilen nahitaezko lekualdaketaren salaketa eta bahitutakoak askatzeko eta laguntza humanitarioa sartzeko eskaera.
AEBren ebazpen alternatiboa
AEBk iragarri du beste ebazpen bat lantzen ari dela (oraindik ez du bozketa datarik). Aurreratu duenez, "aldi baterako" su-etena proposatuko du, baldintzaz betea. Besteak beste, Hamas gaitzestea, bahitutakoak askatzea eta Israel eta Palestinako estatuak aitortzea galdegingo dute.
Linda Thomas-Greenfield enbaxadoreak adierazi duenez, Aljeriaren testuak ez du behin betiko bakea ziurtatuko, eta bahitutakoen oinazea eta krisi humanitarioa luzatuko ditu. Horren ustez, aurki aurkeztuko duten testuak, ordea, norabide horretan lagunduko du. "Negoziazio delikatuak ditugu eta ez da tankera honetako ebazpen bat onartzeko unea, arriskuan jarriko luke dena", gaineratu du.
Errusiak eta Txinak gogor salatu dute AEBren jarrera. Vassily Nebenzia Errusiako enbaxadorearen esanetan, AEBk "hiltzeko lizentzia" eman dio Israeli.
Bozketaren ostean, Riyad H. Mansour Palestinako Estatuaren behatzaile iraunkor eta enbaxadoreak deitoratu du nazioartearen "ia aho bateko eskaerak gorabehera" Israelek gogor erasotzen jarraitzen duela. "Azken 20 egunetan bakarrik, Israelek ia 4.000 ume, emakume eta gizon hil ditu. Ezer ere ez egitearen ondorio deitoragarria da", salatu du.