Mundua -

Wikileaks

Assange "arrazoi politikoengatik" jazarri dutela argudiatu du haren abokatuak Londresko Auzitegian

Wikileakseko sortzailea Washingtonen esku utzi ala ez aztertzeari ekin diete bi epailek, gaur-biharretan. Auzia galduko balu, Europako Giza Eskubideen Auzitegira jotzea beste aukerarik ez du Assangek.

Londresko Auzitegi Gorenaren ataria, gaur. Argazkia: EFE
Londresko Auzitegi Gorenaren ataria, gaur.
Londresko Auzitegi Gorenaren ataria, gaur. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Julian Assangeren geroa gaur-biharretan erabaki liteke Erresuma Batuan. AEBera estraditatzeko aginduaren kontra errekurtsoa aurkeztu zuen WikiLeaksen sortzaileak, eta gaurtik aurrera aztertzeari ekin diote Londresko Auzitegi Goreneko bi epailek. Washingtonek 18 delitu egozten dizkio kazetari eta ekintzaile australiarrari, Wikileaks webgunearen bitartez zabaldu zituen sekretuak tarteko. 

Assangeren defentsak eskatuta, Victoria Sharp eta Adam Johnson epaileek bi auzi saiotan (gaur eta bihar) aztertu beharko dute errekurtsoa. 2023ko ekainaren 6an Jonathan Swift magistratuak hartutako erabakia izango dute mahai gainean. Swiftek bide judiziala itxi zion Assangeri, eta haren estradizioa baimendu zuen. 

Ed Fitzgeral Assangeren defentsa abokatuak saioan salatu duenez, "akusazioak arrazoi politikoak ditu. Krimen larriak azaleratu zituen. Kazetaritza lan arrunt bategatik auzipetu dute: interes publikoa zuen eta egiazkoa zen sekretupeko informazioa aireratzeagatik". Erantsi duenez, bere bezeroa Estatu Batuetara estraditzea erabakitzen bada, hainbat eskubide urratuko dira, tartean, adierazpen askatasunarena.

Epaitegiaren atarian adierazpenak egin ditu Stella Assangek, Julian Assangeren emazteak. "Ezinezkoa da AEBn epaiketa justu bat izatea. Iruzur hau bukatu behar da", aldarrikatu du. 

Aldeen argudioak entzun eta gero, epaileek berehala eman lezakete epaia, edo atzeratu. 

Assange bera ez da gaurko saioan izan, epaimahaiak horretarako baimena eman bazuen ere. Huts egitearen arrazoiaz galdetuta, abokatuak argudiatu du "ondo ez dagoelako" erabaki duela ez joatea.

Bi aukera: beste epaiketa bat Erresuma Batuan ala Europako Giza Eskubideen Auzitegia

Behin erabakia hartuta, bi bide zabalduko zaizkio Assangeri: batetik, defentsak errekurritu ez dituen zatien inguruko helegiteak baimentzea —praktikan, beste epaiketa bat egitea— ala bestetik, Swiftek ebatzitakoa berretsi, estradizioa gauzatzea aginduta.

Assangeren abokatuek iragarri dutenez, kasu honetan Europako Giza Eskubideen Auzitegian kautelazko neurriak eskatuko dituzte estradizioa saihesteko. 

Arlo politikoan, herrikidea aske uzteko galdea egina du Australiako Parlamentuak. Erresuma Batuak, baina, ez du auzian muturra sartu nahi izan, eta justiziaren kontua dela azpimarratu du. 

2019tik behin-behineko kartzelaldian dago Assange, Belmarsh segurtasun handiko espetxean. Apirilaren 12an atxilotu zuten, Ekuadorko Gobernuak Londresen duen enbaxadan zazpi urte eman ondoren, AEBk eskatuta. Aurrez, 2010ean Assange atxilotzeko agindua eman zuen Suediak, itxita dagoen auzi batekin lotuta. Horren harira gotortu zen Ekuadorko enbaxadan. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Australia Kazetaritza Errefuxiatuak azken ordukoa Giza Eskubideen Europako Auzitegia gaur