Mundua -
GERRA UKRAINAN
Avdiivka hiria Errusiaren esku geratu da, Ukrainak tropak atera ostean
Donetskeko borrokaleku nagusietako bat zen, eta Errusiako Armadaren helburu handi bat, Bakhmut eta Marinka eskuratu ostean.
agentziak | eitb media
Ukrainak iragarri du tropak atera dituela Avdiivka hiritik, Errusiako Armadak aurrea hartu diolako eta Armada barruan ezinezko ikusten zutelako fronteari eustea.
"Avdiivkako egoera ikusita, gure tropak bertatik ateratzea eta hobeto dauden defentsa lerroetara joatea erabaki dut, inguratuta ez geratzeko eta militarren bizitza eta osasuna zaintzeko", idatzi du Oleksandr Sirski Ukrainako Armadaren buruzagi berriak Facebooken.
Avdiivka (Donetskeko borrokaleku nagusietako bat) Errusiako Armadaren helburu handia zen, Bakhmut eta Marinka eskuratu ostean.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak esan du tropak ateratzearena "oso erabaki logikoa eta profesionala" izan dela, eta azaldu du helburua hiria defendatzen ari ziren soldadu ukrainarren bizitza salbatzea zela.
Era berean, buruzagi ukrainarrak aitortu du Ukrainak ez dituela beharko lituzkeen armak. "Ez ditugu irismen handiko armak, eta Errusiak baditu", adierazi du, gerra honetan duen arazo handienetako bat artilleria arloan duela azpimarratu aurretik.