Mundua -

Errusia

Aleksei Navalni opositore errusiarra hil da, kartzelan

Aleksei Navalni Errusiako oposizioko kidea bat-batean hil da, espetxean, espetxe-zerbitzuek jakitera eman dutenez. 19 urteko kartzela-zigorra betetzen ari zen zirkulu polar artikoko espetxe batean.

Navalni. EFEren artxiboko irudia
Navalni. EFEren artxiboko irudia
Navalni. EFEren artxiboko irudia

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aleksei Navalni oposizioko buruzagi errusiarra bat-batean hil da, gaur, abendutik preso zegoen zirkulu polar artikoko espetxean, 47 urte zituela, Errusiako espetxe-zerbitzuek jakitera eman dutenez. 19 urteko zigorra betetzen ari zen han.  

"Navalni gaizki sentitzen hasi zen paseo batean, eta konortea galdu du ia berehala", adierazi dute espetxeko agintariek, Interfax albiste-agentzia errusiarrak zabaldutako informazioaren arabera.

"Espetxeko osasun-langileak presoa zegoen lekura joan dira, eta suspertzeko maniobrak egin dizkiote, baina ez dute suspertzerik lortu. Larrialdietako medikuek presoaren heriotza egiaztatu besterik ezin izan dute egin. Heriotzaren arrazoiak ikertzen ari dira", dio jakinarazpen ofizialak.

Heriotza baieztatu ostean, espetxe-zerbitzuek iragarri dute espetxeetako funtzionarioen eta medikuen talde bat bidaliko dutela Moskutik, presoaren heriotzaren arrazoiak eta inguruabarrak argitzeko.

Kira Jarmysh Navalniren bozeramailearen esanetan, oposiziogilearen ingurukoek ez dute oraindik heriotzaren baieztapenik, eta haren abokatua laster abiatuko da Yamalo-Nenetsera.

Putinen opositore sutsua

Abenduan eraman zuten Navalni Moskutik 200 kilometro baino gutxiagora dagoen Vladimir eskualdeko kartzela batetik Kharpeko espetxera, zirkulu polar artikora, Ural mendietatik gertu. Moskutik ia 2.000 kilometrora eta Errusiako hiriburutik trenez 45 bat ordura dago.

Ivan Zhdanov Navalniren erbesteko kolaboratzaileetako baten arabera, kartzela "Otso polarra" gisa da ezaguna, eta Errusian zibilizaziotik urrutien dauden espetxeetako bat da.

47 urteko opositorea Errusian ekintza terroristetan edo muturreko ekintzetan inplikatutako norbanako eta erakundeen zerrendan agertzen zen, eta 2021eko urtarrilean atxilotu zuten, Berlindik Moskura itzuli zenean. Berak eta Europako mendebaldeko gobernuek Vladimir Putin Errusiako presidentearen segurtasun-zerbitzuari egotzi zioten pozoitze batetik osatzen egon zen han. 

2023ko abuztuan, Moskuko auzitegi batek 19 urteko kartzela-zigorra ezarri zion "estremismoa" egotzita, eta erregimen berezian betetzen ari zen. Urte hasieran, Navalni isolamendu erregimenean jarri zuten, Yamalia-Nenetsiako espetxean. Haren ingurukoek orduan salatu zutenez, ia hiru aste eman zituzten hura non zegoen jakin gabe; izan ere, ez zen epailearen aurrean azaldu hainbat hitzordutan. 

Errusian espetxe batetik bestera lekualdatzeko prozesuak hainbat aste iraun dezake, eta presoa inkomunikatuta egon ohi da bitarte horretan. 

AEBk, Europar Batasunak eta Amnistia Internazionalak kezka azaldu zuten Putinen aurkari nagusia zenaren egoeragatik.

2024ko martxoaren 17ko hauteskundeetan Putinen aurka bozkatzeko eskatu zuen Navalnik kartzelatik abenduaren 7an.

Webgune bat (neputin.org) abiatuko zuela ere iragarri zuen, herritarrei eskatzeko Putin ez beste edozein hautagairen alde egin zezatela hauteskundeetan.

Zalantzak

Navalniren emazteak, Julia Navalnaiak, bere senarraren heriotzaren inguruko zalantzak dituela esan du; izan ere, albistea agintariek baino ez dute baieztatu, eta "Errusiako presidentea eta Gobernua gezurretan ari dira etengabe".

Hala ere, Navalnaiak nabarmendu duenez, albistea egiazkoa bada, Putin eta "bere gobernua eta lagunak" Errusiari "egin diotenagatik" eta familiari eta senarrari egindakoagatik zigortuko dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Errusia Vladímir Putin argazkiak Eguneko albisteak Albisteak Eskubide unibertsalak