Mundua -

GAZA, ERASOPEAN

Munduko Osasun Erakundea Nasser ospitalean sartu nahian ari da, Israelek militarki hartu eta biharamunean

Gazako Osasun Ministerioak salatu duenez, Israelgo Armadaren operazioak eragindako argindar eta oxigeno faltaren ondorioz, gutxienez lau gaixo hil dira bertan azken orduetan.

Nasser ospitalea, Jan Yunis hirian. EITB Mediare bideo batetik ateratako irudia
Nasser ospitalea, Jan Yunis hirian
Nasser ospitalea, Jan Yunis hirian. EITB Mediare bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelgo Armadak Gazako Nasser ospitalea militarki hartu eta biharamunean, Munduko Osasun Erakundea bertara iritsi nahian ari da. Gaza hegoaldeko Khan Yunis hirian dago, eta Gazako Zerrendan partzialki zabalik jarraitzen duen ospitale nagusia da.

Tarik Jasarevic Munduko Osasun Erakundeko bozeramaileak prentsaurrekoan azaldu duenez, Nazio Batuak Israelgo agintariekin koordinatzen ari dira ospitalera lehenbailehen sartu ahal izateko.

"Premiazkoa da erregaia sartzea ospitaleko zerbitzuak bermatzeko", nabarmendu du. Halaber, gaixoen ebaluazioak egiteko eta kritikoenak osasun instalazio "seguruetara" mugitzeko eskatu du.

Gazako Osasun Ministerioak ostiral honetan salatu duenez, Israelgo Armadaren operazioak eragindako argindar eta oxigeno faltaren ondorioz, gutxienez lau gaixo hil dira bertan azken orduetan.

Horrez gain, generadoreak geldirik daudela eta "une batetik bestera" zainketa intentsiboetako sei gaixo eta hiru haur hil daitezkeela gaineratu du.

Halaber, azken orduetan bi emakume baldintza "ankerretan" erditu direla jakinarazi du.

Bestalde, Israelgo Armadaren arabera, "dozenaka" pertsona atxilotu dituzte Nasser ospitaleko erasoan, tartean Hamasek urriaren 7an egindako erasoan parte hartu zuten 20 "terrorista".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Zer gertatzen ari da gaur Palestinan? Munduko Osasun Erakundearen albisteak Ekialde Hurbileko albisteak Netanyahu, Israelgo lehen ministroa