Mundua -
Ukrainako gerra
Suediak Nord Streamen inguruko ikerketa itxi du, leherketen inguruko ezer argitu barik
Errusiak gasbideen aurkako sabotajearen arduradunak estaltzea egotzi dio Suediari, eta gertatutakoaren inguruan isilik mantentzea, berriz, nazioarteari. Alemaniak ez du bukatutzat eman bere ikerketa.
Agentziak | EITB Media
Suediako Fiskaltzak asteazkenean jakinarazi zuenez, 2022ko irailean Nord Stream 1 eta 2 gasbideetan izandako leherketen inguruko ikerketak itxi ditu. Sabotaje horrek gas-isuri handia eragin zuen Baltikoan, Errusiak Ukrainan erasoaldia hasi eta zazpi hilabetera.
Mats Ljungkvist fiskalak ohar baten bidez baieztatu zuenez, Suediako fiskalek "sabotaje larritzat" jo zuten gertatutakoa, baina auzia artxibatzea erabaki dute.
Horren arabera, ez dago zantzurik Suediako Gobernuak edo herrialde horretako herritarrek erasoetan parte hartu dutela adierazteko, eta ikerketa "zehatza eta sistematikoa" izan dela esan zuen. "Suediako jurisdikzioak hemen zereginik ez duela esan besterik ezin dugu egin", berretsi zuen.
Hala ere, Alemaniak aurrera jarraitzen du bere ikerketarekin. Zentzu horretan, "justizia arloan kolaboratzeko orduan nagusitzen den sekretismo maila dela eta, ezin dut ezer gehiago esan honi buruz", gaineratu zuen Ljungkvistek.
2022ko irailaren 26an, Nord Stream 1 eta 2 gasbideetako lau lineetatik hirutan leherketa bana izan zen Baltikoan, Danimarkako uharte batetik gertu eta Suediako kostaldearen parean.
Yuri Kokov Errusiako Segurtasun Kontseiluko idazkariordeak gasbide errusiarren aurkako sabotajearen arduradunak estaltzea leporatu dio Suediari, Eskandinaviako herrialdeko Fiskaltzak ikerketak ixtea erabaki ostean, inolako arduradunik aipatu gabe.
"Ikerketa honen helburu nagusia, hasieratik, gertatutakoaren benetako inguruabarrak eta frogak ezkutatzea izan zen eta izaten jarraitzen du, aurrekaririk gabeko eraso terrorista honen benetako egile intelektualak eta egile materialak argitu ez daitezen", adierazi zion Errusiako prentsari, Interfax agentziak jakinarazi duenez.
Kokoven arabera, "Suediak Nord Stream 1 eta Nord Stream 2 gasbideetako leherketei buruzko ikerketak etetea espero genuen". "Egia esan, ondo baino hobeto dakite nor izan zen 'orkestrako' zuzendaria, eta benetako erruduna ezkutatzen saiatzen ari dira", gaineratu zuen.
Errusiako Segurtasun Kontseiluko idazkariordeak salatu du Suediak nazioartearen arreta desbideratzen jarraituko duela, "bertsioak asmatuz", denbora irabazteko.
Era berean, Errusiako agintariek Nord Stream gasbideen sabotajearen inguruan isilik egotea leporatu diote nazioarteari, eta "galtzaile nagusia" Alemania dela azpimarratu dute.
Dimitri Peskov Kremlineko bozeramailearen iritzian, "esanguratsua" da Suediak erasoen inguruko ikerketa ixtea erabaki izana, eta honakoa gaineratu du: "Alemaniak aktibo oso garrantzitsu bat galdu du, sabotaje terroristaren ondorioz suntsitu ziren hodiak kudeatzen zituzten enpresak alemaniarrak zirelako".
Horren harira, nabarmendu duenez, "datu asko argitaratu dira horren atzean nor egon daitekeen jakiteko, eta, beraz, erabakia (ikerketa ixteko erabakia) esanguratsua da". "Nabarmentzekoa da horrela itxi izana", esan du.