Mundua -
AEB
Bidenek agirien atxikipena ikertu zuen fiskalari erantzun dio: "Nire memoria ondo dago"
Robert Hur fiskalak argitaratutako ikertu osteko dokumentuan ziurtatu duenez, Bidenek 2023an egin zitzaizkion galdeketetan "memoria nabarmen mugatua" erakutsi zuen.
Agentziak | EITB Media
Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak azpimarratu duenez, bere "memoria ondo" dago. Hala erantzun dio Robert Hur fiskal bereziari, hark Biden agiri sailkatuak atxikitzeagatik ikertu osteko dokumentuan adierazi ondoren agintariak "memoria nabarmen mugatua" erakutsi zuela 2023an egin zizkioten galdeketetan.
"Ez, begira, nire memoria ondo dago. Ikusi presidente naizenetik lortu ditudan gauza guztiak. Zuetako inork ez zuen sinesten egin dudana egitea lortuko nuenik", adierazi du Bidenek Etxe Zurian emandako prentsaurrekoan.
Agintariak Donald Trump presidente ohiaren kasutik bereizi du bere kasua, hura ere dokumentu sailkatuak atxiki eta zabaltzeagatik auzipetu baitzuten. "Trumpek ez bezala" ikerketarekin elkarlanean aritu dela eta ez duela justizia oztopatu esan du Bidenek.
Ildo horretan, bere aholkulari-taldeari egotzi dio erruaren zati bat, teorian, horiek itzuli behar baitzituzten dokumentu horiek. Presidenteak onartu du kontu horri arreta handiagoa jarri behar ziola beharbada. "Itzulita zeudela uste nuen. Ondorioa, baina, garbia da: ez nuen legea urratu", gaineratu du presidenteak.
Bidenek gogor kritikatu du fiskal bereziaren txostenaren zati bat; Joseph 'Beau' Biden semearen heriotzaren ingurukoak (2015ean hil zen, garuneko minbizi baten ondorioz) ez zituela gogoratzen jasotzen duena. "Ez dudala gogoratzen noiz hil zen nere semea? Nola ausartzen da hori planteatzera? Egia esan, galdera egin zidatenean, nire baitarako pentsatu nuen ez zela inolaz ere haien kontua (...) Ez dut behar inork gogoratzea semea noiz hil zen", gaineratu du.
Robert Hur fiskal bereziak txostenean ondorioztatu duenez, Joe Biden AEBko presidenteak dokumentu sailkatuak "nahita" atxiki eta ezagutarazi zituen, baina baztertu egin du horren kontrako karguak aurkeztea, adinez nagusia delako (81 urte) eta prozesu osoan zehar kolaboratu duelako.