Mundua -

GAZA, ERASOPEAN

AEBk ez luke Rafahn erasoak egitea babestuko: "Hondamendia izango litzateke"

Gazako Zerrendako beste leku batzuetatik alde egindako milioi batetik gora pertsona daude bertan, bonbardaketetatik ihesi eta Israelen oharrei jarraituz iritsitakoak.

Errefuxiatuen kanpaleku bat, Rafahn. Argazkia: EFE
Errefuxiatuen kanpaleku bat, Rafahn. Argazkia: EFE
Errefuxiatuen kanpaleku bat, Rafahn. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

John Kirby Etxe Zuriaren Segurtasun Nazionaleko bozeramaileak esan du AEBk ez duela babesten Israelgo Armadaren erasoak Rafahra, Gazako Zerrendaren hegoaldera, zabaltzea, "hondamendia" izango litzatekeelako bertan dauden palestinarrentzat, bonbardaketetatik ihesi eta Israelen oharrei jarraituz iritsitakoentzat, besteak beste.

"Milioi bat palestinarretik gora daude bertan errefuxiatu gisa. Bertara joateko esan zaie. Israelgo Armadak zibil errugabeak babesteko betebehar berezia du operazioak egiten dituenean, iparraldeko operazioetatik ihesi hegoaldera iritsitakoekin bereziki", adierazi du prentsaurreko batean.

Kirbyren hitzetan, "Gazako zibilen babesa aintzat hartzen ez bada, operazio militarrak hondamendia lirateke bertan dauden pertsonentzat". "Eta ez genuke babestuko", berretsi du.

Israelek iragarri du Hamasen aurkako borroka Rafahra, hegoaldera, zabaltzeko asmoa duela. Herritarren dentsitate handiko eremu bat da Rafah. Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak aurreko astean aurreratu eta aste honetan berretsi du soldadu israeldarrak orain arte borrokatu ez diren lekuetara iritsiko direla Zerrendaren erdigunean eta hegoaldean, baina "bereziki Hamasen azken gotorlekuan, Rafahn".

Israelen erasoaldiak ia 28.000 hildako eta 67.000 zauritu utzi ditu jada Gazan. Gainera, ia 400 palestinar hil dituzte Zisjordanian eta Jerusalemen, Hamasek Israelen 1.200 lagun hil eta 240 bahitu zituenetik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Ekialde Hurbileko albisteak Netanyahu, Israelgo lehen ministroa