Mundua -
Txile
Sebastian Piñera Txileko presidente ohia hil da helikoptero istripuan
Txileko agintari ohia hil da Rengo lakuan, herrialdearen hegoaldean, gidatzen ari zen helikopteroak lurra jo ostean. Txileko Gobernuak dolu nazionala ezarri du eta presidente ohiaren aldeko hileta elizkizunak antolatuko ditu.
EITB
Sebastian Piñera Txileko presidente ohia hil da helikoptero istripuan, iturri ofizialek baieztatu dutenez.
Txileko presidente ohia hil da Rengo lakuan, herrialdearen hegoaldean, gidatzen ari zen helikopteroak lurra jo ostean, haren bulegoak jakitera eman duenez.
Txileko Gobernuak dolu nazionala ezarri du gaur eta presidente ohiaren aldeko hileta elizkizunak antolatuko ditu. "Merezi dituen ohore eta aitortza guztiak izango ditu", esan du Carolina Toha Barne eta Segurtasun Publikoko ministroak hedabideen aurrean, Monetaren Jauregitik, Presidentetzaren egoitzatik, egindako agerraldi labur batean.
Ministroak ez du xehetasunik eman, baina baieztatu egin du hegazkinean beste hiru pertsona (prentsaren arabera, presidente ohiaren senideak) zihoazela eta zauritu egin direla.
Prentsa informazioen arabera, presidente ohia segurtasun uhalean harrapatuta geratu da, eta lakuan hondoratu da. Segurtasun eta larrialdi zerbitzuak haren gorpua ateratzen saiatzen ari dira orain.