Mundua -
Goi-bilera
Hungariaren betoa gaindituta, EBko buruzagiek aho batez adostu dute Ukrainarentzat 50.000 milioiko laguntza
"Segur aski, epe luzera finantzazio egonkorra bermatzen du honek. Ukrainari laguntzeko lidergoa eta ardura bere gain hartu ditu EBk; badakigu zer dagoen jokoan", esan du Europako Kontseiluko presidente Charles Michelek.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Europar Batasuneko estatuburu eta gobernuburuek aho batez adostu dute gaur, ostegunarekin, Ukrainari 50.000 milioi euroko diru laguntza ematea. Hurrengo lau urteetarako onartutako aurrekontutik bideratuko dute laguntza, hain zuzen ere.
"27 estatuek adostu dute, EBren aurrekontutik, Ukrainari 50.000 milioi euro ematea", aurreratu du Europako Kontseiluko presidente Charles Michelek X sare sozialaren bidez argitaratutako mezuan.
"Segur aski, epe luzera finantzazio egonkorra bermatzen du honek. Ukrainari laguntzeko lidergoa eta ardura bere gain hartu ditu EBk; badakigu zer dagoen jokoan", erantsi du.
Goi-bilera hasi eta minutu gutxira heldu da Michelen mezua. Aurretik, Emmanuel Macron (Frantzia), Olaf Scholz (Alemania) eta Giorgia Meloni (Italia) Orbanekin bildu dira, blokeoari irtenbide bat bilatze aldera.
Akordioaren hari-muturrak ezagutu baino lehenago, Hungariako lehen ministro Viktor Orbanek urtero Ukrainaren laguntza baloratzeko bitartekoak eskatu ditu, 2027ra arte itxitako plan bat bada ere. Horrekin lortu nahi zuen azterketa bakoitzean beto aukera izatea, gainerako bazkideek begi onez ikusi ez badute ere.
Volodímir Zelenski Ukrainako presidenteak akordioa ospatu du. "Eskerrak eman nahi dizkiet Charles Micheli eta EBko buruei 2024-2027rako Ukrainarako 50.000 milioi euroko Funtsa ezartzeagatik", idatzi du Zelenskik X sare sozialean.
Zelenskik "oso garrantzitsutzat" jo du dirua ematea. Erabaki horrek "EBren batasunaren indarra erakusten du beste behin ere", idatzi du Ukrainako estatuburuak.
Europar Batasunak 140.000 tona hornikuntza baino gehiago bidali ditu Ukrainara, babes zibileko mekanismoaren bidez, gerra hasi zenetik. Laguntza horren balioa 796 milioi eurokoa da, Europako Batzordeak ostegun honetan ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Batzordearen arabera, Ukrainak jasotako laguntza EBko Larrialdiei Erantzuteko Koordinazio Zentroak inoiz babestu duen operaziorik handiena da.