Mundua -

GAZA, ERASOPEAN

UNRWAk ohartarazi du "Gazako herritarren bizitza" jasotzen duen babes ekonomikoaren menpe dagoela

Martin Griffiths Nazio Batuen Erakundeko Giza Gaietarako arduradunak azpimarratu du ez dela Gazako herritarrak bazterrean uzteko unea.

Gaza. Argazkia: Efe
Gaza. Argazkia: Efe
Gaza. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Philippe Lazzarini UNRWA Ekialde Hurbileko Errefuxiatu Palestinarrentzako Nazio Batuen Agentziako arduradunak ohartarazi du finantzaketaren etenaldiak kolokan jartzen duela erakundearen lan humanitarioa.

"Gaur-gaurkoz, bederatzi herrialdek erabaki dute UNRWAren finantzazioa behin-behinean etetea. Erabaki horiek kolokan jartzen dute eskualde osoan egiten ari garen lan humanitarioa, bereziki Gazako Zerrendan", adierazi du Lazzarinik agiri batean.

Urriaren 7an Hamasek Israelen egindako erasoetan UNRWAko 12 langilek parte hartu zutela zabaldu ostean erabaki zuten aipatu herrialdeek finantzaketa etetea.

"Deigarria da langile sorta txiki baten aurkako akusazioengatik finantzaketaren etenaldi horiek ikustea, bereziki horien kontratuak berehala bertan behera uztea eta ikerketa garden eta independentea egitea erabaki denean", gaineratu du.

Hori dela eta, herrialdeei erabakiaren inguruan gogoeta egiteko eskatu die, "UNRWA erantzun humanitarioa bertan behera uztera behartuta egon aurretik". "Gazako herritarren bizitza babes horren menpe dago, eskualdearen egonkortasuna bezalaxe", berretsi du.

"UNRWA da Gazako agentzia humanitario nagusia, eta bi milioi pertsonatik gora daude horren menpe bizirauteko. Asko goseak jota daude, eta denborak gosetea dakar. Agentziak milioi bat pertsonatik gora hartzen ditu bere aterpeetan, eta elikagaiak eta osasun arreta eskaintzen ditu gerraren gordinenean ere", esan du Lazzarinik.

UNRWAren arduradunak, gainera, Nazioarteko Justizia Auzitegiak ostiralean kaleratutako ebazpena jarri du mahai gainean, "Gazako Zerrendan palestinarrek bizi dituzten baldintza okerrei aurre egiteko, oinarrizko beharrak asetzeko eta laguntza humanitarioa jasotzeko neurri eraginkorrak berehala hartzeko" eskatu baitzion Israeli.

"Hori egiteko modu bakarra nazioarteko kideen elkarlana da, UNRWArekin bereziki, Gazako eragile humanitario handiena den heinean. Oinarrizko lanbideak dituzten 13.000 beharginetako 3.000 lanera joaten dira oraindik, komunitateari hil ala biziko laguntza ematen, eta hori bertan behera gera daiteke finantzazio faltagatik", azaldu du.

Bestalde, Antonio Guterres NBEren idazkari nagusiak finantzazioaren etenaldia amaitzeko deia egin du. "NBE neurriak hartzen ari da UNRWAko kide batzuen aurkako akusazio larrien ostean. Ustezko ekintza deitoragarri horiek ondorioak izan behar dituzte. Baina beharrezkoa da UNRWAk artatzen dituen herritarren beharrak asetzea", esan du agintariak gaur goizean.

Gainera, Martin Griffiths NBEren Giza Gaietarako arduradunaren iritzian, "ez da Gazako herritarrak bazterrean uzteko unea".

Griffithsen esanetan, Gazako herritarrek lau hilabete daramatzate "izugarrikeria pentsaezinak" bizitzen, haien beharrak "ez dira sekula hain handiak izan", eta NBEren "gaitasun humanitarioa inoiz baino mehatxatuago dago".

Australiak, Kanadak, AEBk, Erresuma Batuak, Italiak, Herbehereek eta Finlandiak publikoki jakinarazi dute UNRWAren finantzaketa eten dutela. Oraindik ez dago beste herrialdeen berririk, baina Irlandak, adibidez, UNRWArekiko konpromisoa berretsi du eta egiten duen lanaren garrantzia goraipatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea NBE Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Giza eskubideak gaur Ekialde Hurbila gaur