Mundua -

ARGENTINA

Mileiren politika ekonomikoen kontrako lanuzte nazionala deitu dute gaurko Argentinan

Deialdiak erantzun "masiboa" izatea espero dute sindikatuek. "Argentinako historiako lanuzte arrakastatsuena izango da, eta herritarrek euren haserrea erakutsiko dute Milei ezartzen ari den erabakien aurrean", esan dute protestaren deitzaileek.

Javier Milei, artxiboko irudi batena. Argazkia: EFE
Javier Milei, artxiboko irudi batena.
Javier Milei, artxiboko irudi batena. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Argentinako Gobernu berriaren plan ekonomikoen kontrako lanuzte nazionala dago deituta gaurko, urtarrilak 24, herrialde horretan. Presidente kargua hartu eta hilabete eta erdira, beraz, Javier Milei politikari ultraeskuindarrak sindikatuek azken urteotan deitutako protesta zabalenari egin beharko dio aurre. Hark bultzatutako Omnibus Legeak eta Premiaren eta Larrialdiaren Dekretuak (besteak beste, hainbat enpresa publikoren pribatizazioa ahalbidetuko duen dekretua) herritarren haserrea eragin dute, eta gaur kalera aterako dira.

Ehunka mila herritarrek egin dute bat deialdiarekin, eta Buenos Aires hiriburuan arratsalderako deituta dauden manifestazioak azken urteotako jendetsuenak izatea espero dute grebaren deitzaileek (CGT, CTA, ATE edo La Bancaria sindikatuak). Han 15:00ak eta 16:00ak direnean egingo dira ekitaldi nagusiak.

"Argentinako historiako lanuzte arrakastatsuena izango da, eta herritarrek euren haserrea erakutsiko dute Milei ezartzen ari den erabakien aurrean", esan du Hugo Yasky CGTko idazkari nagusiak.

Hasieratik, Argentinako Gobernua oso gogor mintzatu da protestaren kontra, eta parte hartuko duten herritarrak ere mehatxatu ditu, neurriak hartuko dituztela esanez.

Joan den astelehenean egindako agerraldi batean, Mileik esan zuen Argentinak "bi aurpegi" dituela erakutsiko duela greba honek: alde batetik, "iraganeko herrialdeari eutsi nahi dioten herritarrak", eta bestetik, "garapen bidean dagoen herrialdea" nahi dutenak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Nazioartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerika Argentina Alderdi ultrakontserbadoreen azken ordukoa