Mundua -
GAZA, ERASOPEAN
24 soldadu israeldar hil dira Gazan, urriaren 27tik egun batean armadan izandako hildako kopururik handiena
Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk hitzeman du ez duela borroka utziko harik eta "garaipen osoa" lortu arte, 24 soldadu israeldarren heriotza gogoan.
AGENTZIAK | EITB Media
Israelek gaur jakinarazi duenez, gutxienez 24 soldadu hil ziren atzo Gazako Zerrendan, urriaren 27an lurreko erasoa hasi zenetik egun bakar batean armadan izandako heriotza kopururik handiena. 21 pertsona Gaza erdialdean gertatutako leherketa batean hil ziren, eta beste hiru, hegoaldeko eraso batean.
Daniel Hagari Israelgo armadako ordezkariak azaldu duenez, atzo arratsaldeko laurak aldera erasotzaileek tanke baten kontra egin zuten, tankeen kontrako kohete bat botata. Halaber, aldi berean, leherketa bat gertatu zen bi solairuko bi eraikinetan. Azken horri lotuta, ikertzen ari dira leherketa horiek aurrez tropek jarritako minengatik izan ote ziren.
Erasoa Gazako Zerrendaren erdialdean gertatu zen, Kissufim mugako komunitatetik gertu. Armadaren arabera, Hamaseko egiturak suntsitzen ari ziren, segurtasun perimetro bat sortzeko eta mugako israeldarrak etxera itzuli ahal izateko.
Bestalde, beste hiru soldadu hegoaldean gertatutako eraso batean hil ziren.
Netanyahuk hitzeman du "benetako garaipena lortu arte" borrokatuko duela
Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk hitzeman du ez duela borroka utziko harik eta "garaipen osoa" lortu arte, 24 soldadu israeldarren heriotza gogoan.
"Gure heroien izenean, gure bizitzengatik, ez dugu borroka geldituko, garaipena lortu arte", adierazi du X sare sozialean duen kontuaren bidez zabaldutako mezu batean. Halaber, aitortu du gerra hasi zenetik bizitako "egunik gogorrenetakoa" izan zela atzokoa.
Hala, "soldadu heroikoen" heriotza deitoratu, eta haien senitartekoei doluminak eman dizkie. "Badakit familia hauei bizitza erabat aldatuko zaiela", esan du.