Mundua -
GAZA, ERASOPEAN
Israelek 25.000 palestinar baino gehiago hil ditu urrian erasoaldia hasi zuenetik
Gainera, Gazako Zerrendaren iparraldean, 800.000 pertsonatik gora daude krisi humanitario larrian, oinarrizko janaria, ura eta sendagaiak lortu ezinda.
agentziak | eitb media
Israelgo Armadak 25.000 palestinar baino gehiago hil ditu urriaren 7an erasoaldia hasi zuenetik, Gazako Zerrendako Osasun Ministerioak jakitera eman duenez.
Ministerioaren esanetan, hildakoen kopurua kopuru horretara iritsi da "azken 24 orduetan israeldarrek Gazako familien aurka 15 sarraski egin eta 178 pertsona hil eta 293 zauritu ostean".
Horrela, Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 25.105 hildako eta 62.681 zauritu utzi ditu Israelgo Armadak 107 egunez lurrez, itsasoz eta airez egindako erasoetan.
Atzo, Palestinako Ilargi Gorriak jakinarazi zuen Israelek Al Amal Khan Yuniseko osasun-zentroari egin ziola eraso, eta lau lagun hil zituela ibilgailu zibil baten aurka jota Rafahn, Gazako 1,9 milioi biztanle desplazatu dauden eremuan.
Ilargi Gorriak esan du azken orduetan oinarrizko laguntza humanitarioa daramaten 80 kamioi sartu direla Gaza eta Egipto arteko Rafahko igarobidetik, "elikagaiak, ura, sorospen-gaiak eta mediku-hornidurak" eramateko. Gaza iparraldean, baina, Nazio Batuen Erakundearen eta Ilargi Gorriaren arabera, 800.000 pertsonatik gora daude krisi humanitario larrian, oinarrizko elikagaiak, ura eta sendagaiak lortu ezinda.
Milaka, Netanyahuren aurka Tel Aviven
Milaka manifestari atera dira larunbat honetan Tel Aviveko kaleetara Benjamin Netanyahu lehen ministroaren Gobernuaren aurka protesta egiteko eta Gazako Zerrendan bahituak askatzeko akordioa eskatzeko.
"Geldi ezazue borroka, ordain ezazue prezioa!", esan du parte-hartzaileetako batek, bahituetako baten lehengusuak.
Herrialdearen iparraldeko Haifa hirian ere, Chadash ezkerreko alderdiko ehunka jarraitzailek lehen ministroaren dimisioa eskatu dute larunbatean. Jerusalemen ere, ehunka pertsona atera dira protestan.
Bitartean, Netanyahuren etxe aurrean, Cesarea kostaldeko hirian, bahituen eta jarraitzaileen senideak kanpatuta daude ostiral gauetik.
"Jende serioa ateratzea espero dugu (...), eta gure senideen egoerari buruzko benetako erantzunak ematea", esan du bahituetako senide batek Haaretz egunkarian.