Mundua -
Gaza, erasopean
Guterres: Israelek estatu palestinarra onartzeari uko egitea "onartezina" da
"Ahalegin guztiak egin behar ditugu gatazka hau eskualde osora zabal ez dadin: Zisjordanian, Israelen eta Libanoren arteko Lerro Urdinaren bidez, eta Sirian, Iraken eta Itsaso Gorrian", ohartarazi du NBEko buruak, zibilen heriotzak deitoratu ondoren.
Agentziak | EITB Media
Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiaren iritzian, "onartezina" da Israelgo Gobernuak Palestinako estatuaren sorrera onartzeari uko egin izana, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak ideia horren aurka agertu ostean.
"Israeldar eta palestinarrentzat bi estaturen irtenbidea onartzeari uko egitea eta Palestinako herriari estatu bat izateko eskubidea ukatzea onartezina da", adierazi du Guterresek. Kampalan (Uganda) egunotan egin duten Herrialde Ez Lerrokatuen Mugimenduaren (MNOAL) Estatuburu eta Gobernuburuen XIX. Goi Bileraren amaiera ekitaldian esan ditu hitzok.
Irtenbide hori ukatzeak, Guterresen iritziz, "mugarik gabe luzatuko luke bake eta segurtasun globalerako mehatxu garrantzitsu bihurtu den gatazka, polarizazioa areagotuko luke eta muturrekoak edonon ahulduko lituzke".
Hamas talde islamiarrari "bahitu guztiak berehala eta baldintzarik gabe askatzeko" eskatu dio NBEko idazkari nagusiak.
Halaber, "ahalegin guztiak egin behar ditugu gatazka hau eskualde osora zabal ez dadin: Zisjordanian, Israelen eta Libanoren arteko Lerro Urdinaren bidez, eta Sirian, Iraken eta Itsaso Gorrian", ohartarazi du, zibilen heriotzak deitoratu ostean.
MNOALeko buruzagien aurrean egindako hitzaldian, demokraziak munduan izan duen "higaduraz" kezkatuta agertu da Guterres, horrek atea zabalik uzten diolako "populismoari eta estremismoari". Horrez gain, pobreziak eta desberdintasun sozialek gora egin dutela eta giza eskubideak "zigorgabetasunez" urratzen direla salatu du.
Israelgo lehen ministroak Gazako gerraren ostean estatu palestinarra sortzearen aurka dagoela esan eta bi egunera egin ditu adierazpen horiek Guterresek.
Netanyahuk uko egin dio Gazako su-etenari ere, neurri hori bere "helburuak lortu aurretik" onartzeak Israelen segurtasuna "belaunaldiz belaunaldi" arriskuan jarriko lukeela argudiatuta.
Gazako gerrak MNOALen estatuburu eta gobernuburuen bilera markatu du ostiraletik. Goi-bilera horretan, ugariak izan dira batasunerako deiak Isralen erasoaren amaiera eskatzeko.
Afrikako 53 herrialdek, Asiako 39 herrialdek, Latinoamerikako eta Karibeko 26k eta Europako bik osatzen dute MNOAL taldea.