Mundua -
AMERIKETAKO ESTATU BATUAK
Alec Baldwin berriro inputatu dute, filmatze batean argazki-zuzendaria nahi gabe hiltzeagatik
Mexiko Berriko epaimahaiak bi kargu egotzi dizkio nahi gabeko hilketagatik aktore estatubatuarrari.
AGENTZIAK | EITB Media
Mexiko Berriko epaimahai batek bi kargu egotzi dizkio Alec Baldwin aktore estatubatuarrari, Rust pelikula filmatzeko lanetan Halyna Hutchins argazki-zuzendaria nahi gabe hiltzeagatik.
Lehen karguak "suzko arma baten erabilera arduragabe bat" aipatzen du, eta bigarrenak, berriz, "besteen segurtasunarekiko axolagabekeria osoz egindako ekintza bat", CNN telebista kateak zabaldutako informazioaren arabera.
Iazko apirilean Mexiko Berriko Fiskaltzak erretiratu egin zituen Rust pelikula filmatzeko lanetan Halyna Hutchins argazki-zuzendaria nahi gabe hiltzeagatik Alec Baldwin aktorearen aurka jarritako karguak, azken horren abokatuek jakitera eman zutenez.
2021eko urriaren 21ean hil zen Hutchins, Baldwinek atrezzoko pistola batekin tiro egin ostean, Rust filmaren grabazioan, Mexiko Berrian.