Mundua -
Itsaso Gorria
AEBk eta Erresuma Batuak Yemenen egindako erasoak beste fronte bat ireki du Ekialde Hurbilean
Ameriketako Estatu Batuek eta Erresuma Batuak gidatutako nazioarteko erasoak agerian utzi ditu mendebaldearen eta mundu musulmanaren artean dauden tentsioak; izan ere, musulmanek kezka handiz ikusi dituzte erasoak, eta kasu batzuetan, horien aurka agertu dira.
Agentziak | EITB Media
Ameriketako Estatu Batuek (AEB) eta Erresuma Batuak airez bonbardatu dute bart Yemen. Bi herrialdeon arabera, matxino huthiek entzungor egin diete Itsaso Gorrian ontzien kontrako erasoak geldiarazteko eskaerei, eta milizia xiiten menpe dauden sei eskualderi eraso diete, tartean Sana hiriburuari. Ia berehala heldu da matxinoen erantzuna: misil balistikoak eta gurutzaldi-misilak jaurti dituzte, eta bi herrialdeei gerra deklaratu diete.
Joe Biden AEBko presidenteak ohar bidez baieztatu du erasoa. Zehaztu duenez, Australiaren, Bahrainen, Kanadaren eta Herbeheeren laguntzarekin egin dituzte erasoak. "Ontzien kontrako eraso zoro horien kontrako nazioartearen erantzuna bateratua eta irmoa izan da", adierazi du presidente estatubatuarrak.
Yemengo matxino huthien aldeko milaka jarraitzailek protesta egin dute gaur Sana hiriburuan, Ameriketako Estatu Batuen eta Erresuma Batuaren bonbardaketen aurka. Manifestazio jendetsuak Yemengo beste hiri batzuetan ere egin dituzte.
Ameriketako Estatu Batuek eta Erresuma Batuak gidatutako nazioarteko erasoak agerian utzi ditu mendebaldearen eta mundu musulmanaren artean dauden tentsioak; izan ere, musulmanek kezka handiz ikusi dituzte erasoak, eta kasu batzuetan, horien aurka agertu dira.
Matxino huthien kanpaina, Itsaso Gorriko zamaontzien aurkakoa, Palestinako auziari elkartasuna adierazteko ekintza gisa hasi zen, baina, gainera, herrialdeko barne egoerarako oso une garrantzitsuarekin bat egin zuen: Yemengo bake-prozesua berrabiaraziko zela iragarri zuten 2023ko amaieran, herrialdea suntsitu duen ia hamarkada bat iraun duen gerra zibilari amaiera emateko, ibilbide-orri berri bat egiteko lehen urratsekin.
Azken urte eta erdian, Yemenen indarkeriak behera egin du, formalki 2022ko urrian amaitu zen su-eten baten ondoren. Nahiz eta su-etenaren baldintzak orain arte mantendu diren neurri handi batean, baita matxino huthien eta Yemengo Armadaren arteko akordio formalik gabe ere, gatazkan dauden aldeak dira.
Zehaztu behar da su-eten hori presoen elkartruke historikoarekin batera egin zela, eta Iranen eta Saudi Arabiaren arteko hurbilketak bultzatu zuela. Izan ere, Iran huthien aliatua da eta Saudi Arabia Yemengo Gobernuarena.
Ekialde Hurbileko gatazkaren eskalatzea
Gazako Zerrendaren mugak gainditu ditu, horrenbestez, Ekialde Hurbileko gatazkak. Hain justu, Israelek eremu palestinarren kontra egindako erasoak salatzeko, huthiak Al Badeh itsasartetik eta Itsaso Gorritik Suezko kanalera doazen merkataritza-ontziak blokeatzen eta erasotzen hasi ziren urte amaieran. Diotenez, euren asmoa ez da ontziak hondoratzea, Israeli presio ekonomikoa egitea baizik, Gaza erasotzeari utz diezaion.
AEBren arabera, azaroaren 19az geroztik erasoek 50 herrialderi baino gehiagori eragin diete, eta 2.000 ontzik bide alternatiboak bilatu behar izan dituzte Itsaso Gorria saihesteko, produktuen iritsiera atzeratuz eta garestituz.
"Gure herritarrak eta nazioarteko merkataritzaren zirkulazio askea babesteko neurri osagarriak agintzeko prest nago, beharrezkoa bada", ohartarazi du Bidenek bere oharrean.
Gerra deklarazioa
Lehen bonbardatzeak izan eta gutxira, ohartarazpena egin du Ali al Quhom matxinoen bozeramaileetako batek X sare sozialean: "Estatubatuarrek eta britainiarrek espero dutena baino handiagoa eta krudelagoa izango da borroka. Gerra irekian gaude".
Adierazi duenez, "gogor entzuten ari gara AEBko eta Erresuma Batuko korazatuen kontra. Euren base militarrei egingo diegu eraso, eta hurrengo pausoa harago joango da".
Huthien iturriek baieztatu dute misil balistikoekin eta gurutzaldi-misilak jaurti dituztela.
Yahya Sari huthien operazio militarren bozeramaileak jakinarazi duenez, bonbardatzeetan taldeko bost kide hil eta zazpi zauritu dituzte. "Eraso kriminal hau ez da erantzunik gabe geratuko, zigorra jasoko dute", erantsi du.