Mundua -

Gaza

23.000 palestinar hil ditu jada Israelek, erasoaldia hasi zuenetik hiru hilabete bete direnean

Gazatarrek aurrekaririk gabeko krisi humanitarioari aurre egin behar diote; izan ere, zenbakiez eta datuez harago, Gazako herritarrek erasoen ondorio itzulezinak eta ikaragarriak jasan behar dituzte. Igande honetan soilik, 113 zibil eta hiru kazetari hil dituzte.

Igande honetan Yan Junisen izandako erasoen biktimak. EFE.
Igande honetan Yan Junisen izandako erasoen biktimak. EFE.
Hiru hilabete daramatza Gazak erasopean: 22.000 hildako eta milaka desplazatu

0:45

Olatz Prat | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hamasek urriaren 7an egindako erasoei erantzunez Israelek abiatutako erasoaldi gogorrak hiru hilabete bete ditu gaur. Bortizkeriazko 90 egun, eta 90 gau. Zenbakiez eta datuez harago, ordea, ondorio itzulezinak eta ikaragarriak bizi dituzte Gazako herritarrek.

Israelek Hamasen kontra hasitako "gerran" 22.835 pertsona hil dira (gehienak emakumeak eta haurrak), eta 90 egun hauetan 58.416 lagun zauritu dituzte, larriago batzuk eta arinago beste batzuk.

Azken 24 orduetan, Israelen aireko eta artilleriako hainbat erasotan, gutxienez 113 zibil hil eta 250 zauritu dituzte, Zerrendaren iparraldetik hegoaldera.

Wafa agentzia palestinarrak jakinarazi duenez, Israelgo gerra-hegazkinek etxe bat bonbardatu dute bart, Zerrendaren iparraldean, eta 20 pertsona hil eta dozenaka zauritu dituzte.

Erdialdean, 16 pertsona hil eta dozenaka zauritu dituzte, aireko bonbardaketetan eta artilleria erabiliz egindako erasoetan. Gainera, UNRWA Errefuxiatu Palestinarrentzako NBEko Agentziaren aterpe batean zeuden lau pertsona hil dira bonbardaketa horien ondorioz.

Hegoaldean, Khan Yunisen izan dira erasorik gogorrenak. 17 pertsona (tartean 12 haur) hil dituzte haien eraikina bonbardatu dutenean, eta 25 pertsona hil dira hiriko errefuxiatu-eremu bati egindako erasoan. Gainera, Rafahn, desplazatu askok babesteko aukeratuko eraikin bat bonbardatu dute, eta 7 pertsona hil dira.

Halaber, bi milioi pertsona (herritar gehienak) aurrekaririk gabeko krisi humanitarioa jasaten ari dira, ospitaleen kolapsoarekin, epidemia agerraldiarekin eta edateko uraren, elikagaien, botiken eta elektrizitatearen eskasiarekin.

Gazako Defentsa Zibilak bere baliabideen % 70 galdu ditu

Gazako Defentsa Zibileko taldeek baliabideen % 70 baino gehiago galdu dituzte Israelen erasoaldi militarraren ondorioz, eta ezin dituzte bonbardaketek utzitako hondakinen artean dauden desagertuak erreskatatu, Mahmoud Basal bozeramaileak igande honetan salatu duenez. Basalek emandako datuen arabera, Gazan desagertuta dauden 8.000 pertsona inguru hondakinen azpian daudela uste dute, baina Israelgo indarrek leku askotara iristea eragozten diete.

Defentsa Zibileko taldeek zuzeneko eta zeharkako erasoak jasaten dituztela salatu du: "Okupazio indarrek nahita suntsitzen dituzte azpiegiturak Gazako Zerrendan, eta horrek eragina du gure taldeen mugimenduan". Euren taldeetako bost kide atxilo eraman zituztela eta ez dakitela non dauden gaineratu du. 

Hiru kazetari hil dituzte igande honetan

Beste hiru kazetari hil dituzte igande honetan Gazako Zerrendan; Hamza al Dahdouh (Wael al Dahdouh Al Jazeera telebista kateko buruaren semeetako bat) tartean.

Hamza al Dahdouh eta Mustafa Thuraya Rafahn hil dira, elkarrekin zihoazen autoari eraso diotenean, Gazako Gobernuak baieztatu duenez; Ali Salem Abu Ajwa erreportari grafikoa, berriz, Gazako aire-eraso batean hil da.

Kazetariak Babesteko Batzordea (CPJ) gobernuz kanpoko erakundearen arabera, urriaren 7tik 77 erreportari hil dituzte (110, Gazako agintarien arabera, haiek influencerrak eta intelektual batzuk ere sartu baitituzte zerrendan), eta 16 zauritu eta 21 atxilotu dituzte; horrez gain, hiru desagertuta daude.

Al Jazeerak salatu du Israelek "nahita" eraso diola Hamza al Dahdouh kazetariari, haren aitari min emateko. Al Jazeerako buruaren emaztea, 7 urteko alaba bat eta beste seme bat duela hilabete batzuk hil ziren, Israelek Nuseirateko errefuxiatu-eremua bonbardatu zuenean.

Handik egun gutxira, Israelek drone baten bidez egin zuen erasoan, kazetaria bera ere zauritu zen, eta haren lankide bat hil zen, Khan Yunisen, Gazako hegoaldean, NBEren eskola baten bonbardaketaren berri ematen ari zirenean.

"Okupazio indarrek nahita erasotzen diete Wael al Dahdouh gure lankideari eta haren familiari. Hamza al Dahdouh kazetariaren hilketak berretsi egiten du Israelgo indarrek kazetariei eta horien familiei erasotzen jarraitzeko asmoa duela", gaineratu du Al Jazeerak.

Horren aurrean, telebista-kateak nazioartearen esku-hartzea exijitu du, eta Nazioarteko Zigor Gorteari, munduko gobernuei eta NBEri eskatu die "Israel auzitara eramateko, Gazan egin dituen krimenak epaitzeko".

Saioak aste honetan, Hagan

Gazan Genozidio delitua prebenitu eta zehatzeko Konbentzioa urratzea egotzita Hegoafrikak Israelen aurka eskatutako kautelazko neurriei buruzko saioak egingo ditu hilaren 11n eta 12an Nazioarteko Justizia Auzitegiak (ICJ). 

Hegoafrikak premiazko kautelazko neurriak eskatu zituen abenduaren 29an, "herri palestinarraren eskubideak babesteko eta kalte handiago, larriago eta konponezinak saihesteko". 

Hagan egoitza duen NBEko organo judizial nagusiak zehaztu duenez, urtarrilaren 11n Hegoafrikaren txanda izango da eta bere salaketa aurkeztuko du. Hurrengo egunean, urtarrilaren 12an, Israelek bere jarrera defendatzeko txanda izango du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Giza eskubideak Ekialde Hurbila Netanyahu, Israelgo lehen ministroa