Mundua -
Ekialde Hurbila
Hezbolak ohartarazi du "mugarik gabe" borrokatuko dutela Israelen aurka, hark gerra hasten badu
Hasan Nasrala Hezbola talde xiitako buruzagiaren hitzetan, Libanoko subiranotasunaren urraketa "nabarmena" izan da Al Arouriren hilketa, eta Irango Kerman hirian izandako eraso "gorrotagarriak" gaitzetsi ditu.
Agentziak | EITB Media
Hasan Nasrala Hezbola talde xiitako buruzagiaren hitzetan, Libanoko subiranotasunaren urraketa "nabarmena" izan da Saleh al Arouri Hamaseko bigarrenaren hilketa, eta ohartarazi du "mugarik gabe" borrokatuko dutela Israelen aurka, hark Libanoren aurkako gerra hasten badu.
"Sheij Saleh al Arouriren hilketa Libanoko subiranotasunaren kontrako eraso nabarmena da", salatu du Nasralak, telebistan emandako hitzaldi batean, astearte arratsaldean Israelgo drone batek Hamaseko goi-karguduna eta beste sei pertsona hil ostean, Hezbolako gotorleku batean.
Hezbolak eta Estatu sionistak 2006an izandako gerratik Israelek Libanoko hiriburuaren kanpoaldean egindako lehen erasoa izan da. Talde xiitaren aliatu den mugimendu islamista palestinarraren bulego bat eta handik gertu aparkatutako ibilgailuak izan zituen helburu.
Elizgizonak ohartarazi duenez, astearte arratsaldean gertatutakoa "oso serioa" izan zen, eta aldi bereko bi "erasotzat" jo du, bat eraildako Hamaseko buruzagien aurkakoa eta bestea alderdiak kontrolatutako "hegoaldeko eremuen" kontrakoa.
"Orain arte frontean ari gara kalkulu zehatzekin borrokan, eta, beraz, prezio altua ordaintzen dugu gure gazteen bizitzekin. Etsaiak Libanoren aurkako gerra hasten badu, gure borrokak ez du sabairik, mugarik, araurik eta kontrolik izango", adierazi du Nasralak.
Gainera, Hezbolak eta Yemengo matxino hutiek, Iranen aliatuek, 100 pertsona inguru hil dituzten eraso "gorrotagarri" eta "traidoreak" gaitzetsi dituzte, eta doluminak eman dizkiete Errepublika Islamikoko gobernuari eta atentatuaren biktimei.
Nasralak adierazi duenez, mugimendu xiitak "Kermanen izandako atentatu traidorea eta Soleimani martiriaren santutegian (Qassem) zeudenen aurkako erasoa gaitzesten ditu".
Nasralak ostiral honetan hitz egingo du berriro, Libano eskualdean bigarren fronte bilakatzeko beldurrak hazten ari diren bitartean.
Bestalde, hutien bulego politikoak agiri bat bidali du eraso "gorrotagarria" gaitzesteko. "Krimen arbuiagarri hau Errepublika Islamikoari kalte egiteko egin diren krimen guztien hedapen bat da, eta harrokeria globalari aurre egiten, fededunen kausa defendatzen eta Palestinan eta Libanon erresistentzia indarrak babeste ari denean", gaineratu dute.
Bitartean, Gazan egunero ehunka biktima zibil pilatzen ari dira Israelen erasoaldi militarrean. Palestinako Zerrendako Osasun Ministerioak Israelgo Armadaren "sarraski" gehiago salatu ditu asteazken honetan: 128 hildako eta 261 zauritu, erasoaldiaren 89. egunean.