Mundua -
GAZA, ERASOPEAN
Gazako Zerrendak sarraskituta amaituko du 2023a, eta irtenbiderik gabe begien bistan
22.000 dira jada Israelgo Armadaren erasoetan hildakoak, gehienak haurrak eta emakumeak. Netanyahuk ziurtatu du erasoak egingo dituztela oraindik "zenbait hilabetez".
agentziak | eitb media
Israelek Hamasen aurka abiatu zuen gerra 86. egunera iritsi da 2023aren amaieran, eta erasoaldiak beste zenbait hilabetez iraungo du, Benjamin Netanyahu lehen ministroak agindutakoaren arabera, Gazako Zerrendako krisi humanitarioa gogortzen eta hildakoen kopurua 22.000ra iristen ari den bitartean.
Israelgo tropek eraso egiten jarraitzen dute gaur airetik, lurretik eta itsasotik, bereziki Gazako Zerrendan: iparraldean, kontrola indartuz, eta hegoaldean, erasoak ugarituz.
Gauez, gerra-hegazkinek "dozenaka helburu terrorista jo dituzte, tartean base militarrak, azpiegitura terroristak eta tunel bat", eta itsasotik ere egin dituzte erasoak, Israelgo Armadak jakitera eman duenez.
Gerra urriaren 7an hasi zen, Hamasek Israelera milaka suziri jaurti eta 3.000 miliziano Israelgo lurretan sartuta 1.200 pertsona hil eta 250 inguru bahitu zituenean.
Hegoafrikak Israel salatu du Nazioarteko Justizia Auzitegian, Gazan genozidioa egitea egotzita
Larunbatean, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak esan zuen gerrak (504 soldadu hil dira, horietako 170 lurreko erasoaldian) "beste zenbat hilabete" iraungo duela, baina ez zuen inolako planik aurkeztu bahituak askatzeko eta gerraren osteko egoerarako.
Israelek jada 21.600 palestinar baino gehiago hil ditu Gazako Zerrendan, gehienak haurrak eta emakumeak, eta 7.000 baino gehiago daude desagertuta hondakinen artean, Gazako Osasun Ministerioaren arabera.
Hamasek azpiegitura zibilak erabiltzen dituela argudiatuta, Israelek etxebizitzak, eskolak, ospitaleak, tenpluak, ur hornidura azpiegiturak, telekomunikazio instalazioak eta energia hornitzaileak bonbardatu ditu.
Gainera, Gazako 1,9 milioi herritar, biztanleria osoaren % 85, etxea utzi beharrean izan dira, eta aurrekaririk gabeko krisi humanitarioa dute bertan, ospitaleak kolapsatuta, epidemiekin eta ur, elikagai, sendagai, argindar eta erregai nahikorik gabe.
Bahituak
Bestalde, azken orduetan Hamasek adierazitakoari jarraituz, Ziyad Nakhala Jihad Islamikoaren buruak berretsi berri du ez dutela bahitu trukerik egiteko asmorik Israelek su-etenik egin ezean.
"Ez da trukerik egongo gure eta etsaiaren artean erasoaldia amaitu ezean", esan du Nakhalak, eta negoziatzeko lehenengo baldintza Israelgo tropak Gazako Zerrendatik ateratzea dela azpimarratu du.
Netanyahuren aurkako manifestazioa
Bien bitartean, ehunka pertsona elkartu dira bart Tel Aviven Benjamin Netanyahuren gobernuaren aurka protesta egiteko eta "berehala" hauteskundeak egitea eskatzeko.
Manifestariak Habima plazan elkartu dira, eta hauteskundeak eskatzeaz gain, Netanyahuren eta Gazaren aurkako erasoaldiaren kontrako oihuak entzun dira.
Soldaduak Gazatik "orain" ateratzea eta "akordio diplomatikoa" lortzea ere eskatu dute.