Mundua -
GAZA, ERASOPEAN
Hegoafrikak Israel salatu du Nazioarteko Justizia Auzitegian, Gazan genozidioa egitea egotzita
Era berean, Gobernuak gogorarazi du "behin eta berriz" eskatu duela "berehalako su-eten iraunkorra eta elkarrizketak berrabiaraztea".
agentziak | eitb media
Hegoafrikak Israel salatu du Nazioarteko Justizia Auzitegian, Nazio Batuen Erakundearen organo judizial nagusiaren aurrean, Gazako Zerrendan genozidio krimenak egitea leporatuta.
"Eskaera bat aurkeztu da auzitegiak premiaz ebatz dezan Israelek urratu egiten dituela Genozidioa Prebenitzeko eta Zigortzeko Itunaren betebeharrak, eta berehala eten behar dituela betebehar horiek urratzera eramaten dituen ekintzak", adierazi du Hegoafrikako Atzerri Gaietarako Ministerioak ohar batean.
Hegoafrikak, genozidioaren aurkako itunaren sinatzaile den heinean, horrelako sarraskiak "galarazteko betebeharra" duela gaineratu du.
Dena dela, Ministerioak gogorarazi du Auzitegira jo aurretik "behin eta berriz" eskatu duela "berehalako su-eten iraunkorra eta elkarrizketak berrabiaraztea", eta askotan gaitzetsi dituela "zibil guztien aurkako erasoak".
Azaroan, Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidenteak iragarri zuen Nazioarteko Justizia Auzitegiari Israelen gehiegikeriak ikertzeko eskatu ziola, "aurrekaririk gabeko zigor kolektibo bat" zelako Gazan egiten ari zena.
Hegoafrikako Gobernuak historikoki defendatu ditu palestinarrak, eta Afrikako Kongresu Nazionalak, agintean dagoen alderdiak, apartheidarekin parekatu du egoera.