Mundua -

GERRA

Errusiaren erasoaldi gogorra droneekin eta misilekin Ukraina osoan

"Denbora askoan" egin duen eraso handiena izan omen da. Poloniak jakinarazi du Ukrainatik "identifikatu gabeko objektu bat" sartu dela bere aireko espazioan.

Errusiak Dnipron egindako erasoetako baten ondorioak. Argazkia: Efe
Errusiak Dnipron egindako erasoetako baten ondorioak. Argazkia: Efe
Errusiaren erasoek dozenaka pertsona hil eta hainbat zauritu dituzte Ukrainan

0:40

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusiak erasoaldi gogorra egin du, azken hilabeteetako handiena, droneekin eta misilekin Ukrainaren aurka, eta zenbait hildako uzteaz gain, kalteak eragin ditu zenbait hiritan, tartean Kiev hiriburuan.

Yuri Ihnat Ukrainako Aireko Indarren bozeramaileak esan du "aspaldi" ez zuela Errusiak horrelako erasoaldi handia egiten.

Vitali Klitschko Kieveko alkateak jakinarazi du gutxienez zibil bat hil dela eta lau pertsona hondakin batzuen azpitik atera behar izan dituztela jaurtigai baten zatiek biltegi bat jo ostean.

Leopolisen, misil batek etxebizitza eraikin bat jo du eta ondorioz pertsona bat hil eta beste hiru zauritu dira, Maksym Kozytskyi bertako administrazio militarraren buruaren arabera.

Poloniako mugan dagoen eskualde horretan dozena batetik gora drone kamikaze jaurti omen dituzte.

Dnipropetrovsk eskualdean, herrialdearen erdian, Sergui Lysak Armadaren bozeramaileak esan du "goiz tragikoa" izan dela, tartean lau pertsona hil direlako.

Dnipro hirian jaurtigai batek merkataritza zentro bat jo du, eta sute bat eragiteaz gain, kalteak utzi ditu ospitale batean.

Odesan (hegoaldea), gutxienez bi pertsona hil eta 15 ospitaleratu dituzte, tartean bi haur, etxebizitza eraikinen aurkako erasoen ondorioz.

Gainera, Errusiak jaurtitako droneetako batek azpiegitura bat jo omen du, nahiz eta dozena bat aireko erasoen aurkako defentsak gelditu dituen.

Polonia

Bestalde, Poloniako agintariek jakinarazi dutenez, Ukrainatik iritsitako "identifikatu gabeko objektu bat" sartu da euren aire espazioan.

"Ukraina barrutik identifikatu gabeko objektu bat sartu da Poloniaren aireko espazioan" eta "une horretatik desagertu den arte aireko erasoen aurkako sistemak jarraitu du", bertako Armadaren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Errusia Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra Polonia azken ordukoa