Mundua -
GAZA ERASOPEAN
Borroka Gaza osora zabaldu da, Netanyahu soldaduak bisitatzera joan da eta Sinwar berriz agertu da
20.600 hildako baino gehiago eragin ditu Israelek Gazako Zerrendaren aurka egindako bonbardaketetan. Netanyahuk "gerrak amaierara arte" jarraituko duela esan die militarrei Gazan bertan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Israelen erasoaldi militarrak gogor jarraitzen du aurrera Gazan. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak tropak bisitatu ditu gaur Gaza iparraldean eta "amaierara arte" gerrarekin jarraitzeko agindu argia eraman die. Hamaseko buruzagi Yahya Sinwarrek, berriz, mezua zabaldu du bonbardaketak hasi zirenetik 80 egunera, lehen aldiz.
"Israelen aurkako borroka basati, bortitz eta aurrekaririk gabekoa" egiten ari direla adierazi du Yahya Sinwarrek, Israelen ustez urriaren 7ko erasoak antolatu zituen gizonak. Israelek uste du Jan Yunis eremuko lurpeko tuneletan ezkutatuta dagoela Sinwar eta han ari dira orain eraso gogorrenak egiten.
"Al Qasam Brigadek (Hamasen talde armatua) okupazio-armada suntsituko dute, zapaltzeko bidean daude eta ez dira okupazioaren menpe geratuko", esan du Sinwarrek.
Al Qasam Brigadek 5.000 soldadu israeldar ingururi eraso dietela gaineratu du Sinwarrek, "horien herenak hil dira, beste heren bat larriki zaurituta dago eta azken herena ezgaituta geratu da", 750 ibilgailu militar suntsitzeaz gain.
Sinwarrek emandako datuak ez datoz bat, dena dela, Israelgo Armadak emandakoekin. Zenbaketa ofizialaren arabera, urriaren 27an Zerrendan lurreko erasoaldia hasi zutenetik 156 soldadu hil dira. Era berean, urriaren 7an Hamasek Israelgo lurretan egindako erasoetan beste 333 soldadu hil ziren. Eraso horiek, guztira, 1.200 hildako eta 240 bahitu utzi zituen.
Israelek, berriz, 20.674 gazatar hil ditu azken bi hilabete eta erdian, horietatik % 70 zibilak, tartean 8.000 haur baino gehiago. Gainera, 54.536 pertsona zauritu dituzte eta 7.500 gorpu hondakinen azpian harrapatuta geratu direla uste da, Zerrendako Osasun Ministerioaren azken zenbaketaren arabera.
Netanyahuk Gazako iparraldea bisitatu du astelehen honetan
Bestalde, Netanyahuk Gazako iparraldea bisitatu du abenduaren 25 honetan, eta Hamasen aurkako gerrak "amaierara arte" jarraituko duela esan die tropei, bahitutakoen familiek su-eten bat lortzeko presioa egiten jarraitzen duten arren.
"Ez gelditu. Gerrak amaieraraino jarraitzen du. Amaitu arte, hori besterik ez ", esan die Netanyahuk, Egiptok bi asteko su-etena lortzeko egindako proposamenari erreferentzia eginez.
Hamasek su-eten iraunkorra eskatzen du bahituak presoekin trukatzeko, baina Israelek baztertu egin du, talde islamista suntsitu arte gerrarekin jarraitzea erabaki duelako.
Israelgo Armadak jakinarazi duenez, lurreko, aireko eta itsasoko tropak "Gazako Zerrenda osoan" ari dira une honetan borrokan, eta "Hamasen gune terroristei" eraso diete.
Palestinako iturri ofizialek baieztatu dutenez, goizaldetik enklabe osoan zehar izan dira erasoak, bai airekoak, bai artilleriakoak. Hildako gehien uzi dituena Maghaziko errefuxiatu-eremuaren kontra izan da.
Gazako Osasun Ministerioaren arabera, Israelgo Armadak 25 sarraski egin ditu azken 24 orduetan eta gutxienez 250 hildako eta 500 zauritu eragin ditu.
Gaza hegoaldeko osasun sistema "kolapsatzen ari da", eta iparraldean ez dago ospitalerik martxan jada, salatu duenez.