Mundua -
Gaza, erasopean
Egiptok bi asteko su-etena proposatu dio Hamasi, 40 bahitu israeldar askatzearen truke
Hiru faseko plan bateko lehen puntua litzateke hori, amaieran lortzeko gerra erabat etetea, bi aldeen artean presoak eta bahituak trukatzeko akordio integral bat erdiestea eta Israel Gazatik erretiratzea. Elkarrizketak Kairon ari dira egiten.
Agentziak | EITB Media
Egiptok "bizpahiru asteko" su-eten bat proposatu dio Hamasi igande honetan, 40 bahitu israeldar askatzearen truke, Gazako Zerrendan gerra erabat eteteko hiru faseko plan baten barruan, EFE agentziak iturri palestinarrak aipatuta jakinarazi duenez.
Iturri horien arabera, Hamaseko ordezkaritza bat Qatarrera joango da (han du bulego politikoa), Egiptok aurkeztutako proposamena aztertzera. Egiptok Jihad Islamikoaren ordezkaritzari eta Ziad Najalahri haren idazkari nagusiari ere aurkeztuko dio proposamena, palestinarren jarrera osoa sendotzeko. Ordezkaritza hori gaur iritsi da Kairora, hain zuzen ere, Egiptoko agintariekin biltzeko.
Egiptok Ismail Haniye Hamaseko buruzagi politikoari eskaini dion ekimena hiru puntutan oinarritzen da: lehenengoak bizpahiru asteko su-etena ezartzen du, Hamasek atxikitako 40 bahitu israeldar askatzearen truke.
Bigarren puntuak palestinarren arteko elkarrizketa-prozesu bat proposatzen du, Gazan gobernu teknokratiko bat eratzeko.
Hirugarren eta azken puntuak gerra erabat etetea, bi aldeen artean presoak eta bahituak trukatzeko akordio integrala lortzea eta Israel Gazatik erretiratzea proposatzen du, zabaldu dutenez.
Hala ere, Palestinako Jihad Islamikoak lehen ere esan izan du ez duela Israelekin bahituak trukatzeko beste akordiorik onartuko Israelek Gaza gaineko eraso militarra gelditu arte.
Jihad Islamikoa erakunde erradikal palestinarra Israelek, Estatu Batuek eta Europar Batasunak terroristatzat jotzen dute, eta Gazan, Zisjordanian eta Libanoko errefuxiatu palestinarren kanpalekuetan jarduten du.
Beste fakzio palestinar batzuek ez bezala, Jihad Islamikoak uko egiten dio bake-prozesu politikoetan parte hartzeari, eta behin eta berriz esaten du Israelen aurkako garaipen militarra dela bere azken helburua (Israel, Zisjordania eta Gazako lurraldeetan estatu bat ezartzea) lortzeko modu bideragarri bakarra.