Mundua -
TIROKETA
Ikasle batek 14 pertsona tiroz hil eta beste 25 inguru zauritu ditu Pragako unibertsitate batean
Izua zabaldu da Pragako Carolina Unibertsitatean eta inguruetan, David K., 24 urteko ikaslea, Filosofia Fakultateko ikaskideei tiroka hasi zaienean. Erasotzaileak bere buruaz beste egin du erasoaren ondoren, hango Poliziak jakitera eman duenez.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gutxienez 14 pertsona hil dira eta 25 inguru zauritu ostegun honetan Pragako Carolina Unibertsitatean izandako tiroketa batean. Txekiako Poliziak jakitera eman duenez, erasotzaileak bere buruaz beste egin du erasoaren ondoren. Lehen ikerketen arabera, erasotzailea bakarrik aritu da. Unibertsitate horretako ikaslea zen.
Tiroketaren berri izan orduko, unibertsitatearen eraikin osoa hustu dute. Denbora asko behar izan omen dute horretarako, ikasle asko eraikinaren gune ezberdinetan ezkutatu direlako.
Izua zabaldu da Pragako Carolina Unibertsitatean eta inguruetan, David K., 24 urteko ikaslea, Filosofia Fakultateko ikaskideei tiroka hasi zaienean. Oihuak eta tiro-hotsak entzutean, ikasle asko ikasgeletan sartu dira eta sare sozialen bidez partekatzen zituzten eszenak grabatu dituzte telefono mugikorrekin.
Bertan, gazteak lurrean botata ikusten dira, leihoetatik urrun. Beste irudi batzuetan, berriz, ikasleak ageri dira, erlaitzetan makurtuta, unibertsitate-eraikinaren fatxadaren goialdean, Jan Palach plazan.
Martin Vondrasek Txekiako poliziaburuak prentsaurreko batean azaldu duenez, 12:45 aldera abisua jaso dute, Txekiako Housten hiriko 24 urteko gazte batek bere buruaz beste egiteko asmoa zuela jakinaraziz, eta Pragara bidean zela. Aurrez, gazte horren aita hilda agertu omen dela ere gaineratu du Vondrasek.
Lehen ikerketen arabera, erasotzaileak bakarrik ekin du, eta erasoaren atzean, Txekiar Errepublikaren historiako larriena, ez dago arrazoi terroristarik.
Bere aldetik, Petr Fiala Txekiako lehen ministroak bertan behera utzi du gaur-biharretarako zuen agenda ofiziala, eta herritar guztiei Poliziaren aholkuak jarraitzeko eskatu die.
Petr Pavel Txekiar Errepublikako presidenteak bere atsekabea eta dolumina adierazi die tiroketaren biktimen senideei X sare sozialean duen kontuaren bidez.