Mundua -

MIGRAZIOA

EBko migrazio eta asilo itun berriaren gakoak: kontrol handiagoa, elkartasuna nahieran eta banaketa-kuotak

Europako migrazio-politika berritzeko ideia 2016an hasi zen sortzen, Siriako gerratik ihesi, bi milioi etorkin eta asilo-eskatzaile inguru EBra iritsi zirenean.

Erreskatea Kanariar Uharteetan. Argazkia: EFE
Erreskatea Kanariar Uharteetan. Argazkia: EFE
Erreskatea Kanariar Uharteetan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Parlamentuak eta 27 estatu kideek Migrazio eta Asilorako Itun berri bat hitzartzeko akordioa lortu dute asteazken honetan, hainbat urtez negoziatzen aritu ostean. Denbora horretan, hegoaldeko herrialdeek Batasuneko herrialde guztien artean kargak nahitaez banatzea eskatu izan dute, kanpoko mugak guztienak direla argudiatuz, baina iparraldeko eta ekialdeko hainbat estaturen kontrako jarreraren aurrean.

Migrazioari eta asiloari buruzko araudi berriak kanpo-mugak dituzten herrialdeen eskariei erantzuten dien derrigorrezko elkartasun-mekanismo bat ezartzen du, berritasun eta ñabardura batzuekin. Hauek dira gakoetako batzuk:

Ahaleginak nola banatuko dira?

Egoera pertsonal kalteberan dauden 30.000 asilo, babes edo nazioarteko babes eskatzaile beste herrialde batzuetan birkokatzeko konpromisoa hartu dute hogeita zazpiek. Europar Batasunak beti bereizten ditu kolektibo hau eta pobreziatik ihes egiten dutenak edo egoera ekonomikoa hobetzea soilik bilatzen dutenak. Azken hauei ematen zaien erantzuna mugara itzultzea edo jatorrizko herrialdera kanporatzea izaten da. Araudiak elkartasun horri erantzuteko aurrekontua ere finkatzen du: 600 milioi euro.

Herrialde guztiak egongo al dira behartuta?

Ez. Elkartasuna derrigorrezkoa da, baina nahierara. Herrialdeek bi aukera dituzte: migratzaileak hartu edo kuota ekonomikoa ordaindu. Bi formulen arteko konbinazioa ere hauta dezake.

Nola banatuko da elkartasuna?

Herrialde bakoitzari elkartasun-kuota bat esleituko zaio asiloaren eta nazioarteko babesaren arloan, bertako biztanleria eta barne-produktu gordinaren arabera. Bi aldagaiak neurri berean hartuko dira kontuan.

Zer gertatuko da Kanarietako edo Lampedusako kasuekin?

Estatu kide batek alegatzen badu bere asilo-sistema nazionala kolapsatzen duen ezohiko migratzaile-kopuruari aurre egin behar diola, derrigorrezkoak eta salbuespenezkoak izango diren elkartasun-mekanismoak ezarriko dira, nahiz eta kolapsatutako gune hori eskualde edo uharte batean egon (gaur egun Espainian Kanariekin edo Italian Lampedusarekin gertatzen den bezala). Eta gainerakoekiko dituen betebeharretatik erabat edo partzialki salbuetsiko da.

Eta kanpoko herrialde batek EB ezegonkortzen saiatzeko erabiltzen baditu migratzaileak?

2021eko maiatzean, 8000 etorkinek Ceutako muga zeharkatu zuten hiru egunetan, Madril eta Rabaten arteko krisi diplomatiko baten erdian. Marokoko jendarmeriak modu pasiboan jokatu zuen. Espainiak eta EBk, berriz, gogor kexatu ziren. Horrelako kasu bat EBko mugetan berriro gertatuko balitz, hogeita zazpi herrialdeek erabaki dute salbuespenak jartzea asilo- eta muga-prozeduretan; hori bai, 12 urtetik beherako haurrak, familiak eta pertsona kalteberak beti eta banaka kontuan hartuta.

Zer gertatuko da itsasoko erreskateekin?

Araudiak aurreikusten duenez, itsasoan bilaketa- eta erreskate-lanak egiteko espazio (SAR) gehien euren gain hartzen duten herrialdeei ahalegin hori onartuko zaie eskubidea duten horren gaineko gehigarri bat erantsita.

1,5 milioi kilometroko hedadura duen itsaso zati baten segurtasunaren ardura dauka Espainiak, herrialde gisa duen azaleraren hirukoitza. Bere SAR eremuko milioi bat kilometro karratu Atlantikoan dago, Kanarietatik Mauritaniaraino.

Zein herrialdek izapidetu behar du babes-eskaera?

Atal honetan ere, mugako herrialdeak behin eta berriz kexatzen ziren jasaten duten gehiegizko ahaleginagatik. Izan ere, asilo- edo babes-eskaera gehienak pertsona hori Europan sartu zen herrialdean aurkezten dira eta EBko Justizia Auzitegiak debekatu egin du asilo-eskatzaileak kanporatzea haien espedienteari erantzuna eman bitartean. Ondorioz, eskaerak areagotu egin dira, "segurtasun-neurri" gisa, migratzaileak berehala euren herrietara itzul ez ditzaten. Espainiako Estatuko Fiskaltza Nagusiak hala adierazi du bere azken memorian.

Orain, nazioarteko babesa eskatzeko prozedura berbera izango da kide diren estatu guztietan eta posible izango da lehen harrerako herrialdeak ez izapidetzea. Eskatzaileak ezin izango du aukeratu zein herrialdetara zuzentzen duen, baina erantzukizun hori edozein estaturi esleitu ahal izango zaio hainbat faktore kontuan hartuta; hala nola, eskatzaileak bertan ahaiderik duen, lurralde horretan ikasi duen edo bere hizkuntza ofiziala hitz egiten duen (Espainiara patera bidez iristen diren pertsonen zati esanguratsu bat herrialde frankofonoetatik dator eta familia dute Europako beste estatu batzuetan).

Zer gertatuko da adin-txikikoekin?

Babes gutxiago izango dutenaren beldur dira gobernuz kanpoko erakundeak. Izan ere, helduak identifikatzeko (hatz-markak eta aurpegien argazkiak) Poliziak jarraitzen duen prozedura erabiltzeko adina 12 urtetik 6 urtera jaitsi dute.

Araudiak zehazten du prozedura hauetan beti lehenetsi beharko dela adin txikikoaren intereserako onena izango dena. Horrez gainera, adin txikikoek beti izango dutela nazioarteko babesa eskatzeko eskubidea dio.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Migrazioa Europa Eguneko albisteak Albisteak Europako Parlamentua