Mundua -
Gerra Ukrainan
Putinek ziurtatu du Ukrainako gerrari eutsiko diola Errusiak bere helburuak lortu arte
Errusiako presidenteak Ukrainari emandako laguntzaren ahultzea aipatu du, eta negoziatzeko aukera urrundu.
Agentziak | EITB MEDIA
Ukraina Estatu Batuen laguntza militar eta ekonomikoaren jarraipena bermatzeko izaten ari den zailtasunen berri eman du ostegun honetan Vladimir Putin Errusiako presidenteak, eta gerrari amaiera emateko negoziazioak irekitzeko aukera urrundu du, bere helburuak lortu arte borrokan jarraituko duela ziurtatuta.
"Errusiak bere helburuak lortzen dituenean iritsiko da bakea", esan du Kremlineko buruak urte amaierako bere ohiko prentsaurrekoan, eta Moskuk inbasioa justifikatzeko adierazi zituenak horiek direla ziurtatu du: Ukraina "desmilitarizatzera", "desnazifikatzera" eta "estatus neutralera" behartzea.
Errusiako presidenteak inplizituki aipatu ditu AEBek Kievi babesa emateko orduan dituzten zalantzak, eta atzerriko herrialde batekiko mendekotasun horrek Ukraina zein egoeratan kokatzen duen aipatu du: "Gaur egun Ukrainak ez du ia ezer ekoizten (...) Kanpotik ekartzen dute dena, doan. Baina ganga hau egunen batean amai daiteke. Eta, itxuraz, amaitzen ari da".
Halaber, Putinek uste du Errusiako ekonomiak "sendo eta egonkor" eutsi diela mendebaldeko zigorrei, eta Ukrainako uda honetako "kontraeraso handia" porrotzat jo du: "Ez zuen ezer lortu inon".
Ukraina Bruselara begira
Kieven, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen Administrazioa Bruselara begira dago ostegun honetan, Europako Batzordeak (EB) gomendatu duen Ukraina bat egiteko negoziazioei buruzko erabakia noiz hartuko zain.
Kapitulu berri hori EBrako bidean irekitzeko, Ukrainak hogeita zazpi herrialdeek aho batez aldeko botoa ematea behar du. Hala ere, bere oztopo nagusia Viktor Orban Hungariako lehen ministroa dela dirudi, gaur berriro berretsi baitu bere jarrera, nahiz eta Europako hainbat buruzagi betotik kentzeko konbentzitzen saiatu diren.
Hungariak ere betoa jar diezaioke Batzordeak 2023-2027 aldirako proposatu duen Ukrainari laguntzeko 50.000 milioi euroko partidari.